GAUR8

Elhuyar Zientzia Azoka Bilboko Areatzara helduko da 22an eta 800 ikasleren parte hartzea izango du

Lau egunetako azoka eta 70 ikastetxetako 800 gazteren parte hartzea, horiexek dira aurtengo Elhuyar Zientzia Astearen datu nagusiak, baita ikusgai egongo diren 200dik gora proiektuak ere. Asteazkenean abiatuko da Bilboko Areatzan eta larunbatean itxiko da.

Tolosan ospatutako Zientzia Azoka, irudian.
Tolosan ospatutako Zientzia Azoka, irudian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak irekiko du asteazkenean, 2024ko zientzia azoka Areatzan. Hilaren 22an hasi eta lau egunetako iraupena izango du zitak, larunbata, hilaren 25era arte. Denbora tarte horretan, 70 ikastetxetako 800 gazte izango dira Bilbon euren STEAM proiektuak aurkezten.

Zientzia, teknologia, arte edota matematikekin lotutako proiektuak dira STEAM filosofiari lotutakoak. Edizio honi dagokionez, 200 baino gehiago ikusi ahal izango dira Bilbon lau egunetan zehar, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxillergoko ikasleek garatutakoak.

Ekimenean parte hartzen duten hainbat erakunderen ordezkari egongo dira asteazkenean, irekiera ekitaldian. Izan ere, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailburuordetzaz gain Marie Heguy-Urian Euroeskualdeko teknikaria eta proiektu deialdien kudeatzailea izango da, baita Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ere.

Elhuyar Zientzia Azokaren kolaboratzaile-sareko ikerketa-zentroetako egonaldien zozketa egingo dute egunero, eta larunbatean, sari-banaketa egingo da 13.00etatik aurrera. Azoka 11.30ean zabalduko da egunero, larunbatean izan ezik, egun horretan ordu erdi lehenago irekiko dira standak.

Bilbokoa ez da Elhuyarrek antolatu duen mota honetako lehen azoka. Hil hasieran, hamar ikastetxetako 80 gaztek aurkeztu zituzten garatutako proiektuak Usurbilen egindako azokan.