Taghia Eguzkiz Blai proiektua borobiltzea lortu dute Marokora egindako bidaian

Marokoko Taghia herrian ur-bonba fotovoltaiko bat jartzeko proiektuak lortu du bere helburua. Bizpahiru urtez luzatu den lan eskergaren ondoren, maiatzaren hasieran bidaiatu zuten Atlas Garaiko herrixkara ekimenaren sustatzaileek. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan izan gara beraiekin eta larunbatean argitaratuko dugu bizi izan duten esperientzia ahaztezinari buruzko erreportajea.

Mikel Arregik, Oihana Mendizabalek eta Ugaitz Azkaraik maiatza hasieran Taghiara bidaiatu zuen 30 pertsonatik gorako espedizioan parte hartu zuten. Arregi irakaslea da eta proiektuaren logistikaz eta atal teknikoaz arduratu da; Mendizabal ere irakaslea da eta, denetik egitea tokatu den arren, diru kontuen kudeaketan aritu da batez ere; eta Azkarai Mekatronikako ikaslea da, Taghiara bidaiatu zuten lau ikasleetako bat. Beraiek kontatu dizkigute esperientziaren nondik norakoak, aurrerapen-bideoan ikus daitekeenez.

«Sekulako esperientzia izan da niretzat. Arlo teknikoan, mundu hau ez nuelako ezagutzen, baina batez ere bizipen bat izan da. Ikusi gauzak zenbat aldatzen diren, bizimodu oso desberdina daukatela han, eta nire ikuspegitik behintzat konturatu naiz ze zortea daukagun hemen bizituta», onartu du Ugaitzek, bere gaztetasunean seguruenik esperientzia hau modu berezian bizi izan duen ikasle bidaniarrak.

Baina Mikel eta Oihanarentzat ere oso aberasgarria izan da. «Denek zekiten zein ginen eta zertara gindoazen –dio Mikelek–. Bidean norbait ikusten bazenuen denek ‘saha’ edo ‘gracias’ esaten zizuten eta beren bidea jarraitzen zuten». Eta Oihanak azken egunean egindako ospakizun berezia gogoratu du: «Azken egunean, dena muntatutakoan, bazkaria antolatu ziguten han goian. Iman-a etorri zen, Koran-a errezatu genuen...». «‘Un ble ble’ eginez ospatu genuen; hori bai, tearekin», gaineratu du Mikelek.

Abentura polit honen xehetasun guztiak, larunbatean GAUR8ko ale berrian.