GAUR8
Gaur X urte

Bruselako Heysel estadioko hondamenditik 39 urte bete dira

Heyselgo hondamena 1985eko maiatzaren 29an izan zen, Bruselako izen bereko estadioan. 39 futbolzale hil ziren. Horietatik 32 italiarrak ziren, gehienak Juventus FCeko jarraitzaileak. Lau belgikar, bi frantziar eta britainiar bat ere baziren. Bi taldeen hoolinganen arteko istiluek eragin zuten jende-oldearen ondorioz gertatu zen tragedia.

Heyselgo hondamendian bizia galdu zutenei eskainitako oroitarria.
Heyselgo hondamendian bizia galdu zutenei eskainitako oroitarria. (WIKIPEDIA CC BY-SA 3.0)

39 urte igaro dira Bruselako Heysel estadioan tragedia gertatu zenetik. Europako Futbol Kopa, gaur egun UEFAko Txapeldunen Liga, jokatzen ari ziren. Liverpool FC eta Turingo Juventus iritsi ziren finalera, eta partidaren atarian liskarrak sortu ziren hooligan ingeles eta italiarren artean. Horren ondorioz, jende-oldea sortu zen eta 39 pertsona hil eta 600 zauritu ziren.

Hildako gehienak italiarrak izan ziren (32, gehienak Juventusen zaleak). Lau belgikar, bi frantziar eta britainiar batek ere galdu zuten bizia.

Gertakari tamalgarri hau, gainera, 56 hildako utzi zituen Valley Paradekoa gertatu eta bi astera izan zen.

Johan Mahieu Belgikako poliziaburuaren eta Herve Brouhon Bruselako alkatearen erabakiz, «gerra zibil bat saihesteko», partida hasieran aurreikusitako ordutegia baino ordubete eta 25 minutu beranduago jokatu zuten, nahiz eta Juventuseko jokalarien eta teknikarien osoko bilkuraren ezezkoa jaso.

UEFAk aurrekaririk gabeko zigorra ezarri zuen futbolaren munduan tragediaren ondorioz: ingeles futbol-talde guztiei bost urteko betoa ezarri zien Europako lehia orotan, eta Liverpoolentzat zigorraren bikoitza ezarri zuen, nahiz eta azkenean klubari sei urtera jaitsi zioten zigorra. Horretaz aparte, Heyselgo estadioa futbol partidetarako itxita egon zen, ondoren eraitsi eta berreraiki zuten arte.