GAUR8
Gaur X urte

Alanis Morissette abeslariak 50 urte bete ditu

Alanis Nadine Morissette (1974, Ottawa, Ontario) kanadar-estatubatuar abeslari eta musikagileak 50 urte bete ditu. Bere ibilbidean 60 milioi disko saldu ditu, horietatik erdia baino gehiago, 33 milioi, ‘Jagged Little Pill’ (1995) diskoarekin. Grammy Sarietarako 14 aldiz izendatu dute eta zazpi aldiz irabazi ditu.

Alanis Morissette, 2013ko irudi batean.
Alanis Morissette, 2013ko irudi batean. (WIKIPEDIA CC BY-SA 3.0)

Alanis Nadine Morissette (1974, Ottawa, Ontario) kanadar-estatubatuar abeslari, gitarrista, konpositore, produktore eta aktoreak 50 urte bete ditu gaur. 1990. hamarkadatik musika ibilbide arrakastatsua egiten ari da.

Mezzosoprano baten tesitura du, eta historiako salmenta handieneko abeslarietako bat da, neurri handi batean bere hirugarren albumari esker. ‘Jagged Little Pill’-en 33 milioi ale saldu ziren mundu osoan. Historiako 500 album onenen artean kokatu zuen ‘Rolling Stone’ aldizkariak.

Bere karreran zazpi Grammy Sari lortu ditu Morissettek, urteko albuma 1996an eta 16 Juno sari. 2002an NBEk ‘Global Tolerance Award’ saria ere eman zion tolerantziaren alde egindako lana aitortuz.

60 milioi diskotik goiti saldu ditu abeslariak.

Morissette Ottawan, Kanadan jaio zen gaurko egunez, 1974an. Eskola militar bateko bi irakasleren alaba da. Bi senide ditu, bat bikia eta bertzea nagusiagoa.

Balleta eta musika maite zituen umetan, eta 6 urterekin piano klaseak hartzen hasi zen. 11 urterekin telebistako saio batean parte hartu zuen eta urte horretan bertan bere lehendabiziko kantua idatzi zuen. Ekoitzi ere egin zuen saioan irabazi zuen diruarekin.

1991n hasi zuen musika karrera, ‘Alanis’ izeneko diskoarekin, eta oraindik ez da eten. 2020an ‘Such Pretty Forks in the Road’ kaleratu zuen.