GAUR8
Gaur X urte

Duela lau urte hil zen Mattin Larzabal kazetaria

Mattin Larzabal (Aiherra, 1950- Baiona, 2020) euskal kazetari nabarmena eta euskaltzalea gaurko egunez hil zen, orain lau urte. Erreferentea da, Gure Irratian 30 urte luzez aritu zelako. 1982an hasi zuen bere kazetari bidea bertan, boluntario gisa, eta 2012an Ohorezko Rikardo Arregi Saria eskuratu zuen.

Mattin Larzabal, Rikardo Arregi Sariarekin, 2012an.
Mattin Larzabal, Rikardo Arregi Sariarekin, 2012an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mattin Larzabal Gure Irratia sortu eta bi urtera hasi zen bertan lanean. «Lanak galdetzen zuena baino askoz gehiago» eman zion euskaraz egindako kazetaritzari, lankideek baieztatu zutenez.

Lankide, eredu eta lagun zuten Mattin. Eta hala idatzi zuten bere heriotzaren berri jakin zutenean, gaurko egunez, orain lau urte: «‘Gogoko tokian, aldaparik ez’, gure uhinetan zenion bezala. Zure hitzei bide ematen segituko dugu. Milesker ekarri daukuzunagatik».

Aiherran sortu zen Larzabal 1950ean eta bertan igaro zuen bere haurtzaroa. Nerabe zela, Seminarioan sartu zen, baina laster abiatu zen Pauerantz Zuzenbide ikasketak egitera.

1970eko hamarkadan Baionako Mendeberri elkartea sortu zuen, Lapurdiko hiriburuan euskara suspertzeko funtsezkoa izan zen elkartea, besteak beste, gazteei euskarazko ikastaroak eman zizkielako.

1982an, Gure Irratian sartu zen, boluntario gisa. Hilabeteko kontua izan zen, ordea, irratiak lehen laguntza ekonomikoak jasotzea. Horrela lortu zuen Larzabalek kazetari profesional izatea.

30 urte eman zituen bertan eta «euskal kazetaritzan aitzindari eta bide erakusle» izateagatik 2012an Rikardo Arregi sariaren ohorezko aipamena jaso zuen, erretiroa hartu baino urte bat lehenago. Hala ere, Larzabal ez zen inoiz betirako erretiratu kazetaritzatik eta albisteak idazten jarraitu zuen azken urteetan ‘Herria’ astekarian.