GAUR8
Gaur X urte

1782an sortu zen Bizenta Mogel Azkoitian

Duela 242 urte jaio zen Bizenta Mogel idazle eta itzultzailea Azkoitian. Oso txikitan Markinara joan behar izan zuen osabarekin batera bizitzera, eta ostean, ezkonduta Bilbon bizi izan zen. ‘Ipui onac’ liburua argitaratu zuen, euskarazko lehen alegia liburua, eta emakume batek inprimatzen zuen lehena.

Bizenta Mogel, ‘Ipuin onac’ libururaren egilea.
Bizenta Mogel, ‘Ipuin onac’ libururaren egilea. (Wikimedia)

‘Ipui onac’ liburuagatik ezagutzen dugu gaur egun Bizenta Mogel. Euskarazko lehen fabula liburua baita aipaturikoa, eta baita emakume batek euskaraz inprimatutako lehen liburua ere.

1782ko ekainaren seian jaio zen Bizenta, gaur bezalako egun batez, Azkoitian. Baina oso gaztetan umezurtz geratu eta Markinan bizi izan ziren anai-arrebak osabarekin. Osaba Joan Antonio, Peru Aberkaren egilea zen Mogeldarren osaba, eta euskaraz, gaztelaniaz zein latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zien. Horri esker, garai hartako emakume batentzat ohiz kanpokoa zen hezkuntza akademikoa eskuratu zuen Bizentak.

1817an ezkondu zen Eleuterio Basozabalekin eta Abandora (egungo Bilbora) joan zen bizitzera. Idazleaz gain, itzultzailea ere izan zen, eta emakumeen hezkuntzarako eskubideak aldarrikatu zituen bere bizitzan zehar.

‘Ipui onac’

Mogelen lehen liburuan protagonistatzat animaliak zituzten alegia klasikoak ziren, eta «irakaste ederrak» ematen zituztela esan izan zuen. Bizentak liburuaren hitzaurrean bertan bi motatako ipuinak bereizi zituen, «atsoen ipuinak» eta «ipuin onak». Azaltzen zuen lehenengoak barre egitekoak zirela, dibertitzeko helburua besterik ez zutela. Eta ipuin onak, aldiz, dibertigarriak izanda ere, irakaspen bat dakartela, helburu nagusia zerbait irakastea izanik.