GAUR8

Bukatu dira zaharberritze lanak Irantzuko monasterioko elizan

Bukatu dira 2019an abiatutako zaharberritze lanak Irantzuko monasterioan, hainbat elementutan izandako esku hartzeen ondoren. Abartzutzako multzoa monumentu historiko-artistikoa da, eta interes kulturaleko ondasun gisa inskribatuta dago.

Proiektuaren hainbat esku hartze elizaren barrualdean egin dira.
Proiektuaren hainbat esku hartze elizaren barrualdean egin dira. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako zister arkitekturaren ibilbidean, aurpegi berri bat erakusten du Irantzuko monasterioko elizak, azken lau urtetan izandako zaharberritze lanen ondorioz. Esku hartzea 2019an hasi zen, eta horri esker, besteak beste, gangak, estalkia era beirateak konpondu dira, fatxada zaharberritu ondoren.

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea erakundeak finantzatutako lanak alboko kaperan hasi ziren 2019an, eta duela gutxi amaitu dira fatxada zaharberritzen, hezetasunak, jariatze-urak eta eraso biologikoek eragindako kalte handiak baitzituen.

Klaustroko estalkiak ere konpondu dira, baita abside nagusiko eta abade-elizako gurutzadurako bi besoetako beirateak. Argiztapen-instalazioa ere berregokitu da.

Abartzutzako udalerrian kokatua, XII. mendearen bukaeran hasi zen museoaren eraikuntza eta XIV. mende hasierara arte luzatu zen. Obren denborazko hedadura horri esker, erromanikoaren berezko elementuak ikus daitezke estilo gotikoko beste elementu batzuekin batera, elizako gangak kasu, guztiak gurutzeriakoak.

Monumentu Nazional Historiko-Artistiko izendatu zuten 1931. urtean, eta Interes Kulturaleko Ondasun gisa inskribatuta dago 1996tik. Guztira, 771.000 euroko inbertsioa jaso du zaharberritzeko proiektuak.