GAUR8
Gaur X urte

Gaur 10 urte Korsikako FLNC taldeak borroka armatua utziko zuela iragarri zuen

Korsika Askatzeko Nazio Fronteak gaur hamar urte iragarri zuen borroka armatua baldintzarik gabe utziko zuela. Desmilitarizazio-prozesu bat hasi zuen, eta «klandestinitatetik pixkanaka irteteko» bidea hasi.

FLNCko militanteak.
FLNCko militanteak. (WIKIMEDIA)

Gaur 10 urte, 2014ko ekainaren 25ean, publiko egindako komunikatu batean, Korsika Askatzeko Nazio Fronteak (FLNC, gaztelerazko sigletan) iragarri zuen borroka armatua albo batera utziko zuela, eta desmilitarizazio-prozesu bat hasi.

‘Corsica’ hilabetekariak egiaztatu zuen 14 orriko testuan, erakundeak dei egin zien hautetsi korsikarrei «Estatu frantsesarekin negoziatutako estatutu berri bat» ezarri zezaten. Halaber, preso eta errepresaliatu politikoen auziari irtenbide bat bilatzeko ere galdegin zieten.

«Gure aldetik, baldintzarik gabe eta inolako zalantzarik gabe, gure erakundeak alde bakarrez erabaki du desmilitarizazio-prozesu bat hastea eta klandestinitatetik pixkanaka ateratzea», zioen 2014ko ekainaren 25ean irakurri zuten komunikatuak.

«Borroka- eta erresistentzia-fasetik benetako botere politiko kortsikar bat eraikitzeko fasera igaroko gara», adierazi zuen 1976an sortutako erakundeak.

FLNCak bere idatzian egiaztatu zuen, gainera, kortsikarren borrokaz gain, herrien emantzipazioaren kausa garaiko borroka bat dela, eta gogoan izan zituen estaturik gabeko nazioen borroka batzuk, tartean, Euskal Herriarena.

Ildo horretan, adierazi zuen «urte luzez erresistentziaz eta sakrifizioz jardun ondoren, euskal eta irlandar borrokek aurrerapen politiko erabakigarriak lortzen lagundu» dutela.

«Baztertu egiten dugu estatu eratuen Europar Batasuna, herrien eskubideak, kultura-berezitasunak eta tradizioak ukatzen dituena eta zentzurik gabeko arauen menpe jartzen dituena», gaineratu zuten Korsika Askatzeko Nazio Fronteko militanteak.