GAUR8
Gaur X urte

1967an Charles de Gaullek ‘Vive le Quebec libre’ oihukatu zuen Montrealen

Kanadara egindako bisita ofizial batean, Montrealen eskainitako hitzaldi batean, Charles de Gaulle orduan presidente frantsesak ‘Vive le Quebec libre’ (‘Gora Quebec askatuta’) oihukatu zuen. Gaur 57 urte gertatu zen hori, 1967ko uztailaren 24an.

Charles de Gaulle.
Charles de Gaulle. (Bundesarchiv | Wikimedia Commons)

1967ko uztailaren 24an, duela 57 urte, orduan presidente frantsesa zen Charles de Gaullek ‘Vive le Quebec libre’ (‘Gora Quebec askatuta’) esaldia oihukatu zuen Montrealen emandako hitzaldi baten amaieran.

Kanadara egindako bisita ofizial batean eman zuen hitzaldia, Montrealen egiten ari zen 1967ko Nazioarteko Erakusketa zela eta. Esaldia Quebec-en independentziaren aldekoek erabiltzen zuten eslogana zen.

Hasieran ‘Gora Montreal!’ eta ‘Gora Quebec!’ oihukatu zuen, baina jarraian diskurtsoan aurreikusita ez zegoen esaldia bota zuen. Eztabaida handia piztu zuen eta Kanadako lehen ministroak, Lester B. Pearsonek, «kanadarrek libre izateko beharrik ez daukatela» esanez kritikatu zuen.

«Kanadako herria askea da. Kanadako probintzia guztiak dira libreak. Kanadarrak ez dira askatu behar. Izan ere, milaka kanadarrek bi mundu gerratan eman zuten bizia, Frantziaren eta Europako beste herrialde batzuen askapenean», esan zuen Pearsonek zehazki.

Ondoren, zalaparta mediatiko eta diplomatiko handia sortu zenez, De Gaullek Kanadara egindako bisita eten zuen. Hitzaldiaren biharamunean, Erakusketa bisitatu eta pabiloi frantsesean oturuntza eskaini zuen. Uztailaren 26an, Ottawan jarraitu beharrean (Pearsonekin biltzea aurreikusita zegoen, hegazkin militar batean alde egin zuen Parisera.