GAUR8

Gradu amaierako eta masterreko lanak hobekien komunikatzen dituzten ikasleak sarituko ditu NUPek

‘3 minututan’ lehiaketa jarri du abian Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Pubiko ez espezializatu bati gradu amaierako edo masterreko lanak 180 segundutan azaltzea da erronka, erraz ulertzeko hizkeran.

‘3 minututan’ lehikatearen aurreko edizio bat, irudian.
‘3 minututan’ lehikatearen aurreko edizio bat, irudian. (Nafarroako Unibertsitate Publikoa)

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ‘3 minututan’ lehiaketaren edizio berri bat jarri du abian, ikasketa amaierako lanen edukia 180 segundotan eta publiko ez espezializatu bati hobekien azaltzea lortzen duten gradu eta masterreko ikasleak saritzeko.

Eskaerak aurkezteko epea urriaren 11n amaituko da, Unibertsitateak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera.

Unibertsitate Proiekzio, Kultura eta Dibulgazioko Errektoreordetzak bultzatutako ekimena da, Kultura Zientifikoko Unitatearen (UCC) bidez. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren lankidetza du.

Sariek 850 euroko zuzkidura dute bi modalitateetako bakoitzerako: lehen, bigarren eta hirugarren sari bana dute, 450, 250 eta 150 eurokoa, hurrenez hurren, eta 150 euroko aipamen berezia genero ikuspegia barne hartzen duten lanetarako. Deialdiaren oinarri osoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean kontsultatu daitezke.

Laburra eta guztiek ulertzeko modukoa

Erronka da gradu amaierako edo masterreko lanetan egindako ikerketa hiru minututan kondentsatzen jakitea jendaurreko erakusketa batean. Hizkera erraza, ulergarria eta jende guztiak ulertzeko modukoa erabili beharko dute. Helburua da ikertzaile gazteen lana gizarteari hurbiltzea eta, aldi berean, zientzia eta teknologia zabaltzeko interesa sustatzea.

Lehiakideek berariazko prestakuntza jasoko dute beren hitzaldiak dibulgazio hizkuntza batera egokitu ahal izateko. Azaroaren 4an finalaurrekoa egingo da (ateak itxita) eta sailkatzen diren lagunak azken fasera pasatuko dira. Azaroaren 14an izango da, 19.00etan, NUPeko El Sario eraikineko Fernando Remacha gelan.

Lehiaketa NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzenduta dago, eta parte hartzeko badintza da gradu edo master amaierako lanak aurkeztu izana joan den ikasturtean.