Urtarriletik ekainera %15 handitu da Alavabusen bidaiari kopurua
Alavabusen bidaiari kopurua %15 handitu da urtarriletik ekainera. Foru Gobernuak azaldu duenez, BAT txartelaren erabileran ezarritako hobariekin lotuta dago hazkundea, 2023. urtean izandako «bidaiarien errekor historikoaren» ondoren.
Alavabusen lineetan, Arabako herrien arteko autobus lineak eskaintzen duen zerbitzuan, %15,4ko hazkundea izan da erabiltzaileen kopuruan, urtarriletik ekainera jasotako datuen arabera.
Arabako Foru Aldundiak eskainitako zifren arabera, 1,1 milioi lagunek baino gehiagok erabili dute zerbitzu publikoa. Jon Nogales Mugikortasun jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak, erabilera datuek erakusten duten bilakaera positiboa nabarmendu du, 2023. urtea «bidaiarien errekor historikoaren urtea» izan zela gogoratuz.
Bidaia eta maiztasun gehiago
«Azken urteetan bidaia eta maiztasun gehiagoko kalitatezko zerbitzu publikoa garatu den etengabeko hobekuntza estrategiari» egotzi dio hazkundea. Izan ere, aipatu du erabileran izandako igoera bat datorrela deskontu progresiboko sistema berriarekin, «zeinak ohiko bidaiariak saritzen baititu txartel arruntaren prezioaren %72ra arteko hobariekin».
Zehaztu duenez, hobariak BAT txartel pertsonalizatuaren erabileran oinarritzen dira, «eta harrera ona egin diote arabarrek; izan ere, seihileko honetan Alavabusen egindako hiru bidaiatik bati hobari horiek aplikatzen zaizkio».
«Eskariaren bilakaerak erakusten du sistema hori, BAT txartel anonimoarekin aplikatzen den aparteko %50eko deskontuarekin batera, betetzen ari dela helburua, alegia, garraio publikoaren erabilera sustatzea, ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa, eta, horrela, mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiten laguntzen ari dela», erantsi du.