GAUR8

Oreinen orroaldia ikusteko bisita gidatuak antolatu dituzte Gorbeialdean

Arabako Parke Naturalen iraileko programazioaren barruan, oreinen orroaldia ikusteko bisita gidatuak antolatu dituzte. Gaian espezializatutako aditu batek gidatuko ditu saioak ezarritako mugak errespetatuz, garai berezia baita oreinen ugalketarako.

Oreinen orroaldia irailean hasten da.
Oreinen orroaldia irailean hasten da. (Arabako Parke Naturalak)

Arabako Parke Naturalek irailerako prest duten programazioaren barruan, oreinen orroaldia ikusteko proposamena egin dute, betiere garaiko arau eta gomendioak errespetatzen dituen bisita gidatu baten barruan. Izan ere, orroaldia dela eta, hainbat prebentzio ezartzen ohi dituzte erakundeek Gorbeialdean, ugalketarekin lotuta dagoen aldia ez oztopatzeko.

Irailaren 20an, 21ean, 27an eta 28an egingo dituzte aipatutako bisitak. Lehena baino ez da euskaraz izango, gainontzekoak gaztelaniaz izango dira.

Zuiako Zarateko aparkalekuan abiatuko da taldea eta ordu eta erdi inguruko ibilbidea egin beharko du begiratoki natural batera heltzeko. Zehaztu dutenez, bost kilometroko igoera da eta gehienezko malda %30ekoa da.

«Gidari espezializatu batek oreinentzat hain garrantzitsua den sasoi honen ezaugarriak eta berezitasunak azalduko ditu», azaldu dute antolatzaileek.

Izen emateak parkeko web orriaren bitartez egin behar dira. Zehaztutakoaren arabera, egun bakoitzeko zozketa bat egingo da eta tokia lortu duten lagunei telefonoz jakinaraziko zaie.

Nabarmendu dutenez, «mendian ibiltzera ohituta egon behar da, eta ibilbidearen ezaugarrietara eta baldintza meteorologikoetara egokitutako oinetakoak eta arropa» erabili behar dira. Era berean, prismatikoak eramatea ere gomendatzen dute.

Erlezaintzaren onurak, hizpide

Irailaren 8an, erlezaintzaren inguruko hitzaldia izango da Araiako parketxean. Erlezaintza lanbide duen tokiko erlezain batek eskainiko du lanbidearen inguruko informazioa hainbat ikuspuntutatik: lortu beharreko baimenak, baldintzatzaileak, mehatxuak, produktuen merkaturatzea...

Era berean, erlezaintzan erabiltzen diren maneiu eta ekoizpen tresnak erakutsiko ditu, eta erleek ekosistemetarako eta biodibertsitaterako duten garrantzia azalduko du.

Gaztelaniaz izango da saioa, 10.30ean hasi eta 13.00ak arte iraungo du, eta erlezaintzan ekoiztutako produktuak dastatuko dituzte parte hartzaileek.