Amaia Ereñaga
Gaur X urte

Hamar urte Ukrainako gatazka konpondu ezin izan zuen Minskeko Protokolotik

Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioak bere horretan jarraitzen duen bitartean, gaur hamar urte bete dira egoera baretzeko egin zen ahalegin nagusietako batetik; Minskeko Protokoloa deituriko bake akordiotik, hain zuzen. Bistan denez, tentsioei irtenbide bat emateko esperantza zapuztua izan da.

Tanke bielorrusiarrak Ukrainiako mugarako bidean, aurten MInsk herrian hartutako irudi batean.
Tanke bielorrusiarrak Ukrainiako mugarako bidean, aurten MInsk herrian hartutako irudi batean. (Europa Press)

2014ko irailaren 5ean Minskeko Protokoloa sinatu zuten Ukrainako, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako, Errusiako eta ESLAko ordezkariek, Bielorrusiako hiriburuan. Hamabi puntu zeuzkan, eta hurrengo egunetan egin zituzten negoziazioetan memorandum bat gehitu zioten puntuetako batzuk nola bete zehazteko. Hurrengo urteetako gertakariak ikusita, baina, ez zuen askorako balio izan.

2014ko udaberrira egin behar da atzera Errusiaren eta Ukrainaren arteko talkaren zergatiak ulertzeko. Martxoaren 20an, Dumak, Errusiako Parlamentuko Behe Ganberak, Krimeako penintsula bereganatzea onartu zuen, haren estatus politikoari buruzko erreferenduma egin ostean. Krimeako krisiarekin batera, apirilean errusiazaleek administrazioaren egoitzak hartu zituzten Ukraina ekialdeko hainbat hiritan: Donetsk, Kharkiv, Luhansk, Slaviansk eta Gorlovkan, besteak beste. Maiatzaren 12an, Donetsk eta Luhansk eskualdeek independentzia aldarrikatu eta Errusian sartzeko eskatu zuten. Testuinguru horretan, sekulako gatazka sortu zen.

Egoera horri amaiera emateko asmoz, Errusiak, Ukrainak eta Donetsk eta Luhanskeko herri errepublikek Minskeko Protokoloa sinatu zuten irailaren 5ean, eta su-etena ezarri zuten berehala. Akordio horretan, su-etenaz gain, boterearen deszentralizazioa hitzartu zen eta Ukrainaren eta Errusiako Federazioaren mugako eskualdeetan segurtasun eremuak ezarri ziren, ESLAk horiek etengabe gainbegiratuko zituela adostuz.

Hala ere, itunaren asmo bakezaleak behin eta berriz urratu zituzten hurrengo hilabeteetan. 2015eko otsailaren 12an, Minsk II akordioaren bidez, Donbasseko gerra arintzen saiatu ziren berriz bi aldeak. Akordio horrek «berehalako eta erabateko» su-etena ezarri zuen, baina negoziazio horiek ere huts egin zuten eta su-etena eten egin zuten Errusiak eta Ukrainak.