‘Trukehernani’ estreinatu dute, erabiltzen ez diren gauzak trukatu, oparitu edo saltzeko webgunea
Etxean erabiltzen ez diren objektuak trukatu, oparitu edo saltzeko webgunea jarri dute abian Hernanin. Hondakinak murrizteko prebentzio neurrien artean dago objektuei bigarren bizitza bat eman eta herritarren arteko harremanak sortuko dituen ekimena.
Etxean soberan dauden edo erabiltzen ez diren objektuak trukatu, oparitu edo saltzeko webgunea jarri dute martxan Hernanin. Hondakinak murrizteko prebentzio neurrien artean kokatu dute ekimena, baina beste aukera batzuk eskaintzen dituela azaldu dute.
«Akaso herrian izango da guk soberan edo erabiltzen ez ditugunen beharra duenen bat», aipatu du helburuaz Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak, eta erantsi du herritarren artean eman eta erabiltzea sustatu nahi dutela «zero kilometrokoa eta tokikoa hemen ere». Planteatu duenez, «bigarren eskuko erabilera sustatzeak herritarren arteko harremanak sortzen ere lagunduko du».
Tamara Zapiain Hondakinen Prebentzio teknikariak web orriaren funtzionamendu erraza nabarmendu du. «Giza honetako plataformak ezagunak dira, baina guk gertutasunaren alde egin nahi dugu: mezularitza zerbitzurik gabe funtzionatuko duen sarea sortu nahi dugu, aurrez aurre, oinez, herrian geratuta, gauzak trukatzeko», zehaztu du teknikariak.
Erabiltzaileak hiru aukera izango ditu: produktua eman, trukatu edo saltzea; horretarako erabiltzaile profila sortu beharko du objektua eskaintzeko eta eskuratzeko, baita interesatuek elkarrekin kontaktuan jartzeko. Webgune berriak, gainera, arauak eta aholkuak biltzen ditu.
Webgunea ezagutu eta erabiltzera animatu ditu herritarrak Atorrasagastik. «Jolasak eta jostailuak, puzzleak, altxariak, ortopedia, kiroletako produktuak, haurrentzako gauzak, argiztapena eta dekorazioa, motxilak, eskola materiala, animalientzako produktuak, gailu elektronikoak, musika tresnak, etxekoak edo beste zerbait. Ziur etxean baduzula zerbait soberan eta egoera onean. Hori ez bota, berrerabili!», adierazi du zinegotziak.
Webgune berria erabiltzen irakasteko saioa antolatu dute hilaren 24rako. Autokonponketa Tailerra irekita dagoen bitartean egingo dute, 10.00etatik 13.00etara goiz partean, eta 16.00etatik 19.00etara, arratsaldean.