GAUR8

Pasaiako Irakurketa Klubak ikasturte berriari ekingo dio Joan Mari Irigoienen ‘Babilonia’ eleberria landuz

Joan Mari Irigoienen ‘Babilonia’ liburua izango da Pasaiako Irakurketa Klubaren lehen saioko protagonista. Urriaren 14an abiatzen da literaturaz gozatzera gonbidatzen duen ekimenaren lehen hitzordua.

Pasaiako Irakurketa Klubaren saioetako bat, irudian.
Pasaiako Irakurketa Klubaren saioetako bat, irudian. (Pasaiako Udala)

Pasaiako liburutegietako euskarazko irakurketa klubak abian jarri du ikasturte berri baterako proposamena Joan Mari Irigoien idazlearen ‘Babilonia’ eleberria ardatz hartuta. Lan horren inguruko lehen lanketa egingo dute urriaren 14an, Antxoko liburutegian.

Ekimenak eskaintzen dituen aukerak nabarmendu dituzte programaren bultzatzaileek, eta urtean zehar estilo ezberdinetako lanak lantzen direla zehaztu dute. Jorratuko diren liburuen artean euskal idazleek idatzitakoak eta euskaratutako tituluak ere badaude.

Xabier Etxaniz, moderatzaile

Saio guztiak udalerriko liburutegietan egiten dira, arratsalde bukaeran, 19.45etik aurrera, eta Xabier Etxaniz Rojo idazle pasaitarra izaten dute moderatzaile.

Gogoratu dutenez, irakurketa klubean parte hartzeko egokiena liburua aldez aurretik irakurtzea da, saioan hausnarketak partekatu eta moderatzailearen laguntzarekin hitz egiteko.

Udalak irakurketa klubean parte hartzera eta «literaturaz gozatzera» animatu ditu herritarrak, eta gogoratu du parte hartzea doakoa dela eta ekimena parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dagoela. Gogoratu du, bestalde, izena emateko eta zalantzak argitzeko liburutegiak@pasaia.net helbide elektronikora idatzi behar dela.

Urteko programazioa ere eskuragarri dago liburutegietan. Urriaren 14ko lehen saioaren ostean, azaroaren 11n finkatu dute bigarren hitzordua, eta Ray Bradburyren ‘Frarenheit 451’ lana izango da protagonista.