GAUR8

Zazpi ibilbide antolatu ditu Gerediagak, Europako Ondare Jardunaldiekin bat eginez

Durangaldeko zortzi herri izango dira protagonistak Gerediagak urrian zehar egingo ditu ibilbideetan. Doako jarduerak dira eta kultur ondare diren elementu ezberdinak aztertu ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Iurretako Goiuria auzoa, artxiboko irudian.
Iurretako Goiuria auzoa, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ | FOKU)

«Bide, sare eta loturen ondarea» leloarekin, zazpi ibilbide biltzen dituen programazioa antolatu du Gerediaga Elkarteak urrirako Durangaldean. Europako Ondare Jardunaldiekin bat eginez, bideak, sareak eta elkarguneak dira protagonista nagusiak, eta hainbat udalerritan diseinatu eta koordinatu dituzte bisitak, udalekin elkarlanean.

Urriaren 6tik 27ra izango dira ibilbideak, «eskualdeko zotzi herritako historian» sakonduz: Berriz, Abadiño, Garai, Mallabia, Otxandio, Mañaria, Iurreta eta Zaldibar. «Proposamen guztiak euskaraz izango dira aurten, eta gehienak oinez egiteko ibilbideak dira», azaldu dute elkartetik, eta hiru hitzordutan autobus zerbitzua izango dela zehaztu dute, «oinez egiteko distantzia luzea aurreikusten delako».

Urriaren 6an izango da lehen hitzordua Berrizen, San Joan Ebanjelariaren eliza eta Durangaldeko arte-fluxua ezagutzeko. Bisita 11.00etan izango da, eta haren inguruan, XVI. mendean hasi eta gaur egunera arteko ibilbide kronologikoa egingo dutela zehaztu dute, «garaian Europan puntakoak ziren tendentzia artistikoak nola heldu ziren ulertzeko».

Garai eta Abadiñon, ‘Merioaren ibilbidea’ egingo dute urriaren 12an. Egun osoko plana da, eta «Durangaldeak Bizkaiarekiko izan duen gizarte eta politika antolamendu berezia» jorratuko dute. Gerediagako batzar etxea eta Astolako auzitegi etxeko kartzela barrutik ikusi ahal izango direla aurreratu dute.

Programazioak Mallabian jarraituko du urriaren 19an, «oraindik herri eta auzoetan kontserbatzen den hileta-ondarea» ezagutzeko. «Tartean, Oizko estazio megalitikoa ere bisitatuko dugu», aurreratu dute.

19an bertan, Otxandio izango da arratsaldeko bisitaren protagonista. ‘Bidea, muga eta uria’ izenburupean herriaren kokapenari erreparatu eta bideak uriaren garapenean izan duen garrantzia ezagutzeko ibilbidea egingo» dute.

Mañarian, ‘Harrobiak, bidea eta bentak’ izango dira protagonistak urriaren 20an, eta hilaren 26an Iurretara joango da programazioa, hango Goiuria auzora. «Garai oso zaharretan, kostalderako bidea bertatik pasatzen zen. Landa eremuko arkitektura esanguratsuekin batera, Goiuriako ermitaren sorrera eta inguruko harrobiak ezagutzeko» parada izango dute parte hartzaileek goizeko ibilbidean.

Zaldibarko bisitak itxiko du egitaraua urriaren 27an, ‘Eitzaga, Zaldibarko ekialde urruna’ izenburupean. Herrigunetik Olaerregara egingo dute ibilbidea, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko muga den auzoraino.

Inskripzioak ondareabizkaia.eus webgunetik bideratuko direla zehaztu dute.