Gaur 60 urte Mafalda pertsonaiak argia ikusi zuen ‘Primera Plana’ aldizkarian
60 urte betetzen dira gaur Mafalda plazaratu zela. Quino egile argentinarrak egindako komiki famatua eta bertako pertsonaia nagusia da Mafalda. 1964tik 1973ra argitaratu zen ‘Primera Plana’ eta ‘Siete Días Ilustrados’ aldizkarietan, eta baita ‘Mundo’ egunkari argentinarretan ere. Ordutik, gaztelaniatik hainbat hizkuntzatara itzuli dute komikia, oraindik euskaratu ez badute ere.
Quino umoregile grafikoak 1964 eta 1973 artean sortutako prentsako tira bat da Mafalda, izen bereko haurra protagonista duena. Argentinako erdi klasearen eta gaztedia progresistaren ispilua dela erran daiteke. Gizateriak eta munduko gerrek kezkatzen dute eta aurreko belaunaldiek utzitako munduaren kontra altxatzen da.
Hagitz maitatua da Mafalda Ameriketan zein Europako herrialde batzuetan, tartean Euskal Herrian. 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzulia izan da. Umberto Ecok, adibidez, italierara itzulitako lehendabiziko komikiaren sarreran aitortzen du izugarri estimatzen duela Mafalda eta hagitz garrantzitsua dela irakurtzea Argentina ulertzeko.
Mafalda erdi klaseko familia bateko alaba da. Komikia sortzean 5-6 urte zituen eta, txikia izan arren, helduen ikuspuntua bereganatu zuen hasieratik, Argentinako egoera sozio-politikoa aztertuz. ‘The Beatles’ taldearen zalea da eta zopa gorrotatzen du.
Guille (Guillermo) neba txikiari, berriz, aunitz gustatzen zaio zopa. Arrebarekin Burocracia izeneko dortoka dauka. Ama etxekoandrea da eta aita aseguru enpresa bateko langilea. Felipe lagun argia da, Manolito kapitalismoa irudikatzen duen adiskidea, Susanita lagun pijoa eta Miguelito, aldiz, lagun berekoia baina barru onekoa.