GAUR8

Gernikako araztegiko urak Urdaibaira ez isurtzeak ingurunean izan dituen onurak ikusi ditu ikerketa batek

Gernikako araztegiaren itxierarekin Urdaibaiko estuarioan izan diren aldaketak aztertu dituzte UPV-EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek. Leheneratze biologikoak denbora gehiago behar duen arren, dagoeneko «uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu» dela ondorioztatu du ikerketak.

Sergio Seoane eta Jone Bilbao ikertzaileak, irudian.
Sergio Seoane eta Jone Bilbao ikertzaileak, irudian. (Fernando CASABELLA | UPV/EHU)

Gernikako araztegia itxi ondoren, horrek Urdaibaiko fitoplanktonak izan dituen ondorioak aztertu ditu UPV-EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikerketa batek. Fitoplanktonak nola erantzun duen ebaluatu dute azterketan, eta ikusi dute «uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu» dela.

Unibertsitateko iturriek gogoratu dute fotosintesia egiten duten organismo mikroskopikoen multzo bat dela fitoplanktona, eta «oso sentikorra» dela mantenugaiak eskuratzeko aukeran gertatzen diren aldaketekiko. «Horri esker, adierazle baliagarria da giza jardueraren (eutrofizazioaren) ondorioz sortzen diren ekintzen ondorioak aztertzeko», azaldu dute adituek.

Hondakin-uren isurketak etetean, «Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoak epe ertainean nola erantzun duen ebaluatu» du Jone Bilbao UPV-EHUko ikertzaileak.

Ikerketak erakutsi du «eragin garrantzitsuak» izan direla epe ertainean, zehaztu du Sergio Seoane irakasle eta ikerketaren zuzendariak. Zehaztu dutenez, «hondakin-uren estazioak sortutako mantenugaiak (amonioa eta fosfatoa) drastikoki gutxitu ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaeran».

Azterketan ikusi dute, gainera, estolderia-lanen ondoren biomasa handitu egin zela, eta «obrak egin ondoren, talde batzuk nabarmen ugaritu» direla.

Ikerketa egiteko, ‘Pigmentum’, pigmentuen analisian oinarritutako tresna berritzaile bat erabili dute. Ikuspegi horretatik ere nabarmendu dute ikerketak balio izan duela frogatzeko tresna erabakigarria dela komunitatearen osaera eta aldakortasuna aztertzeko.

Ikertzaileen arabera, ondorio ekologiko gehiago ager daitezke etorkizun hurbilean. Diotenez, ikerketak agerian utzi du «aipatutako saneamendu-lanek ondorio onuragarriak izan dituztela», eta uraren kalitatea «hobetzeko bidean» doala, «nahiz eta leheneratze biologikoa lortzeko beti denbora gehiago behar den, estuarioan erresilientzia dagoelako, sedimentuetan substantziak geratzen direlako».