Duela 20 urte joan zitzaigun Martin Ugalde kazetari eta idazlea
Martin Ugalde Orradre kazetari eta idazle andoaindarra hil zela 20 urte bete dira gaur. Euskal kazetaritzak izan duen inpaktu handieneko figura poliedrikoa izan zen, obra oparoa eta ekarpen ugari utzi zuena. Beti euskara lehendabizi, eta, gero, gerokoak. Beti, pertsona eta bere gizatasuna aurretik.
Gaur, 2024ko urriaren 4an, Martin Ugalde Orradre hil zen duela hogei urte. Euskal Herri osoan utzi zuen uzta, bazter guztietako euskaltzaleentzat egin zuen bere ekarpena.
36ko gerra piztu zenean gorriak eta beltzak pasatu behar izan zituzten Martin Ugaldek eta bere familiak. Aita EAJko zinegotzia zen Andoainen eta frontera jo zuen; anaia Sobietar Batasunera eraman zuten, eta Martinek, amarekin, Mundaka eta Bilbotik pasatuta, Frantziara jo zuen, Nievre-ko Chateau Chinon-era. Handik Donibane Garazira, segidan Donibane Lohizunera, gero hilabete eta erdiz Gurs-eko kontzentrazio-esparrura.
Lau urteko periplo horren ondoren, 1941ean, igarobaimen batekin, berriz Andoainera bueltatu zen. Herrira etorri zen eta kanpora atera zuten, «bigarren exilio» batera, soldaduskara hiru urterako Marokora. Hori bukatuta, 1945 inguruan, ‘Diario Vasco’ egunkarirako artikuluak eta herriko kronikak idazten hasi zen, harik eta 1947an, 25 urterekin, Caracasera jo zuen arte, familiarekin, aitarekin eta anaiarekin berriz batzeko.
Ugalde idazlea loratu zen Venezuelan. Euskal Herrira begira ere jarraitu zuen, bere konpromiso politikoari eutsiz. EAJn afiliatu zen, Eusko Gaztedi sustatu zuen, eta ardurak izan zituen alderdian (Hego Ameriketako arduraduna izan zen, kargu handia) eta Caracasko Euskal Etxean.
Idazle gisa, euskarazko ipuingintza modernoaren aitatzat ikusten dute aditu batzuek, 1961eko ‘Iltzailleak’ narrazio-liburuagatik. Latinoamerikako literaturan hain ospetsua egin zen narraziogintza gurera ekarri zuen. Bibliografia oparoa utzi zigun erbestetik: ipuinak, antzezlanak... ale eder askoak.
Andoainen jaioa, ohorezko euskaltzaina (1921-2004), 1969an etorri zen Euskal Herrira Venezuelatik bueltan. ‘Alderdi’ EAJren aldizkari klandestinoaren ardura hartu zuen eta, 1972an, Jesus Mari Leizaola erbesteko lehendakariaren kontseilari izateko deitu zioten. 1982an, Eusko Jaurlaritzan euskara sustatzeko arduradun egin zuen Carlos Garaikoetxeak, eta 1985ean, EAJren haustura bazetorrela jakitun, kargua utzi eta istilutik aparte ibili zen. Gero sartu zen EAn, Garaikoetxearekiko leialtasunez.
1976an kokatu zen behin betiko Hondarribian eta bertan idatzi zituen bere obra ugariaren hainbat ale. ‘Hondarribia’ euskarazko aldizkarian zenbait urtetan hilero-hilero argitaratu zituen artikuluak, gehienetan herri-bizitzaren hainbat alderdiri buruzko argibideak eskaini eta bere iduria emanez. 1986tik 1994 arte dozenaka artikulu idatzi zituen Ugaldek.
1984tik 1994ra Bordari eta Satarka literatur lehiaketen epaimahaikide izan zen. Hala, Udalak 1998an hiriaren Urrezko Intsignia eman zion, «euskal kulturaren arloan egindako merituengatik eta gure hiriarekin lotura handia izateagatik».
Bizitzako azken urteetan, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren «ametsak» arnasa beste oinaze eman zizkion Ugalderi. ‘Argia’-tik zetozen kazetari «ero» haiekin ongi konektatu zuen gerraurreko belaunaldiaren ordezkariak, bizipozez, soka luzatu eta lotuz. Egia bihurtu zen bere bizitzako ametsa Guardia Zibilak zapuztu zuen 2003an. Ohorezko presidente zela, kontu korronteak blokeatuta, atxilotua izateko arriskuan, «barne-bakeari eutsiz», hil zen hilabete gutxira.
Zuloaga Etxean erakusketa egin zen 2004an eta Ugalderen lan garrantzitsuenak erakutsi ziren bertan. Eta 2014ko Neguko Jardunaldietan omenaldia egin zitzaion, bere heriotzaren 10. urtemugan.