Gaurko egunez hil omen zen Zuria Nafarroakoa, 1398an
1398ko urriaren 5an hil zen Zuria Nafarroakoa. Filipe III.a Nafarroakoa eta Joana II.a Nafarroakoaren alaba, Filipe VI.a Frantziako erregearekin ezkondu zen, Frantziako erregina ezkontide bilakatuz.
Zuria Nafarroakoa, edo Zuria Evreuxkoa, Filipe VI.a Frantziako erregearen bigarren emaztea eta Nafarroako infantea izan zen. Alarguna 1350ean, ustez 1398ko urriaren 5ean hil zen.
1331n jaioa, Filipe III.a Nafarroakoa eta Joana II.a Nafarroakoa Nafarroako errege-erreginen alaba, amaren partetik Luis I.a Nafarroakoa eta Margarita Borgoinakoa eta aitaren partetik Luis I.a Evreuxkoa eta Margarita Artoiskoa zituen aitona-amonak. Aitaren eta amaren aldetik, Kapeten etxeko kide izan zen. 1350eko urtarrilaren 29an, Brie-Comte-Robert-en, Zuria Nafarroakoa Frantziako Felipe VI.a erregearekin ezkondu zen. Nafarroako infantearen baino berrogei urte gehiago zituen erregeak.
Erresuma osoan zabaldu zen Izurri Beltzaren ondorioz, Frantziako erregina berria ez zuten koroatu ezkontzaren ondoren. Filipe VI.a erregearekin ezkondu eta sei hilabetera, erregea 1350eko abuztuaren 22an bat-batean hil zen.
Bere senar zenaren haurdun, Zuria Nafarroakoak bere alaba Joana erditu zuen 1351ko maiatzean. Alargundu ondoren, Neaufles-Saint-Martinen egoitzara erretiratu zen, Gisorsetik hurbil. Han bere alabaren heziketan aritu zen. Joana hil zen 20 urte zituela.
1389an Notre-Dameko katedralean Elisabet Bavariakoa Franziako erreginaren koroatze zeremoniaren ondoren, Zuria Nafarroakoa Neaufles-Saint-Martinera erretiratu zen eta 1398ko urriaren 5ean hil zen, 67 urte zituela. Saint-Denisko basilikako errege-nekropolian ehortzi zuten, alabaren ondoan. Bere hilobia, beste erregeren asko bezala, 1793ko urriaren 17an profanatu zuten iraultzaileek.