Izena emateko epea ireki du gazteen proiektuak biltzen dituen Elhuyar Zientzia Azokak
DBH eta Batxillergoko ikasleen zientzia eta teknologia proiektuak biltzen dituen Elhuyar Zientzia Azokak izena emateko epea zabaldu du. Nabarmendu dute aurreko edizioetan bezala, gazteek ikertzaileen laguntza izango dutela proiektuak garatzeko.
Aste honetatik aurrera zabalik dago Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea, gazteek bultzatuta zientzia edota teknologiarekin lotutako esperientziak ezagutzera emateko aukera berri bat zabalduz. Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko gazteek garatutako zientzia proiektuak hartzen ditu ekimenak, eta ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen du.
Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete, hau da, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek. Proiektua, gainera, euskararen erabilera sustatzeko ere bada.
Parte hartu nahi dutenek Zientzia Azokaren webgunean egin dezakete inskripizoa.
Gazteei laguntzeko eta STEAM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia Sareko ikertzaile talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen.
Zeregin horretarako, 200 ikertzailek baino gehiagok ematen dute izena urtero, horietatik %56 inguru, emakumeak. Atal honetan ere gazteen aholkulari izateko epea zabalik dago oraindik.
Ikasleak beraiek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde lanean, «galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen». Ikasleek benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta haien laguntza izango dute beren proiektuak garatzeko.
Lanaren emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da, eta 2025eko maiatzean ezagutu ahal izango dira egitasmo horiek aurrez aurre, Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian, Bilboko Areatzako kaian.
Lehen hitzordua: Iruñea
Bilbon ez ezik, gazteek tokian-tokian ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak. Horrela, Elhuyarrek Zientzia Azoken Sarea sortzea du helburu, eta Nafarroako ikastetxeetako gazteak apirilaren 5ean bilduko dira Iruñean, NICDOren eta Iruñeko Planetarioaren lankidetzarekin, eta Gipuzkoakoak maiatzaren 9an, Usurbilen, Udalaren lankidetzarekin. Maiatzaren 21etik 24ra, aldiz, Euskal Herri osoko ikastetxeetako gazteak bilduko dira Bilboko Areatzan, udalaren lankidetzarekin.
Elhuyar Zientzia Azokak 13 urte beteko ditu 2025eko edizioan, eta, 2013an lehena egin zenetik gaur arte, 9.000 gazte baino gehiagoren parte hartzea izan du. Horietatik, %52 neskak, %47 mutilak eta %1 ez bitarrak izan dira. Guztira, 2.500 ikerketa proiektu edo proiektu teknologiko egin dira.
Joan den maiatzean Bilbon egin zen Elhuyar Zientzia Azokaren azken edizioan, 800dik gora gaztek 200 STEAM proiektu bano gehiago aurkeztu zituzten Bilboko azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta beste herrialde batzuetako azoketako saridunak ere izan ziren.