GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez jaio ziren Jean Urruti eta Bittor Iturria pilotari eta gudariak

1912ko urriaren 22an jaio zen Jean Urruti, Nafarroa Behereko Donapaleu herrian. Bi urte geroago, Lapurdiko Basusarri herrian, Bittor Iturria jaio zen. Ez zuten harreman pertsonalik izan, baina biak pilotari ezagunak izan ziren eta Bigarren Mundu Gerran borrokatu ziren nazien kontra.

Bittor Iturriaren omenezko monumentua Saran.
Bittor Iturriaren omenezko monumentua Saran. (Harrieta171 - Wikipedia)

Gaur 112 urte Jean Urruti pilotari eta gudaria jaio zen Donapaleun (Nafarroa Beherea). Gazte gaztetik hasi zen pilotan jokatzen. 17 urterekin esku huskako frantziar Estatuko txapeldun junior bilakatu zen. Gero joko garbi, errebote, esku-huska eta pasakako txapeldun seniorra izan zen. 1930ean Wendel Kopa irabazi zuen eta bi urte geroago profesional bilakatu zen.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean ihes egin zuen, baina Ukrainiako Rawa Ruska hirian zegoen sarraski-esparruan bukatu zuen. Bertatik ihes egitea lortu zuen eta Erresistentziaren kide bilakatu zen, mugalari lanak egiten.

Gerra amaitu ondoren, frontoietara itzuli zen eta 1995ean «Gloire du sport» izendatu zuten. 2002ko abuztuaren 16an hil zen 89 urte zituela.

Urrutiren egun berean, baina bi urte geroago, Bittor Iturria jaio zen Lapurdiko Basusarri herrian. Ibilbide antzekoa izan zuen. Haurra zelarik Sarara joan zen bizitzera familiarekin eta bertan hasi zen pilotan jokatzen. Pilotari gisa hainbat txapelketa irabazi zituen.

1934an soldadutza egiteko deitu zioten, eta 1939an, Bigarren Mundu Gerraren hasieran, mobilizatu egin zuten. Gerran tankeen aurkako artillari gisa jardun zuen eta 1940an bere ausardiagatik nabarmendu zen, granadak jaurtiz zazpi tanke alemaniar suntsitu zituenean. Dunkerqueko erretiradan zauritu zuten, baina gero Frantziako Indar Askeekin bat egin zuen. 1944ko abuztuaren 25ean alemaniarren eraso batean hil zen, Blain inguruan, 29 urte zituela. Hil ondoren, domina batzuk eman zizkioten.