Onddoen mundua ezagutzen (V)

Aranzadiko mikologia saila, etengabeko lan mardula

Asteotan argitaratu ditugun onddoei buruzko artikuluak egin ahal izateko beharrezkoa izan dugu Aranzadiko mikologia sailaren laguntza. Azken atal honetan, bertan egiten duten lana ezagutu nahi izan dugu.

Aurreko lau ataletan onddoen munduaz horren ezagunak ez diren hainbat arlo lantzen saiatu gara, Aranzadi Elkarteko Joxepo Teres adituaren laguntzarekin. Bosgarren eta azken honetan, hain zuzen ere, Aranzadiko mikologia sailean egiten duten lana azaldu digu Joxepok, aurrerantzean ere ezinbestekoa izango baita ikerketak egiten eta ezagutza zabaltzen jarraitzea.

«Aranzadiko departamentu zaharrenetako bat da. Urte osoan egiten dugu lan eta astelehenero biltzen gara, nahiz eta mendian aste guztian ibiltzen garen ikerketak egiten eta abar. Bolondresak gara gehienok eta batez ere Gipuzkoan mugitzen gara, baina Nafarroan ere bai», aurreratu du mikologoak.

«Dagoen dibertsitatea aztertzen dugu eta muestra batzuk jasotzen ditugu. Horiek gure departamentura eramaten ditugu eta bertan sailkatu. Gure web orrian prozesatzen dugu, edozein herritarrentzat irekita dagoena. Bertan liburu digital bat daukagu egina informazio askorekin. Hori egindakoan perretxikoak lehortu egiten dira, ura kendu, eta gero izoztu, parasitoak kentzeko. Bi aste pasatakoan, etiketatu egiten da eta gure Aranfungi herbarioan gordetzen da», azaldu du biltze prozesuari buruz.

44.665 bilketa guztira, Aran-Fungi herbarioan 28.233 muestra jasota... Datu asko dira, eta horien kudeaketak ere lan handia eskatzen du. «Nik uste penintsula mailan dagoen bilduma handienetako bat izango dela. Datu horiek denak prozesatutakoan mundu mailako artxiboetan bolkatzen ditugu, informazio gehiago izateko, beste herrialdeetako ikerlariek espezie desberdinen banaketa nolakoa den ikusteko, eta akatsen bat baldin badago zuzentzen laguntzeko».

Rubroboletus dupainii perretxikoa, Aiako Iturraran parketxeko hariztian. (Joxepo TERES)

Ikerketa da Aranzadiren lan nagusia –«azkenaldi honetan hainbat ditugu martxan: Artikutzan, Añarben, Oielekun, San Antonen...», zerrendatu du Joxepok–, baina beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte: «Astelehenero aholkularitza zerbitzu bat ere egiten dugu. Perretxikozaleak otarrarekin joaten dira gure egoitzara eta lagundu egiten diegu zalantzak argitzen, badakite han beti egongo dela pertsona bat aholkua emango diena».

Kezka puntu bat ere badute, mikologia sailean gazte gutxi daudelako eta aurrera begira arazo bat izan daitekeelako. Ea artikulu sorta honek ikerlari gazteak animatzeko balio duen. Garrantzitsua da.