Gurutzi Arregi etnografoak 88 urte beteko lituzke gaur
Gaurko egunez, 1936an, jaio zen Lemoan Gurutzi Arregi etnografoa, duela 88 urte. Sortzaileen taldekoa izan zenez, hasieratik egin zuen lan Etniker eta Labayru erakundeetan. Gainera, Euskal Herriko Atlas Etnografikoa koordinatu zuen. 2020ko maiatzean hil zen, Zornotzan.
Besteak beste, Etniker eta Labayru erakundeen sorreran parte hartu eta bertan lan egin zuen Gurutzi Arregik. Lemoan jaioa 1936ko azaroaren 12an, gaur 88 urte, etnografoa izan zen eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoa, Jose Migel Barandiaranek sortutako ikerketa proiektu etnografikoa, koordinatu zuen.
Lemoan jaio zen arren, 36ko Gerraren ondorioz handik ihes egin behar izan zuten berak, gurasoek eta bost anaiek. Enkarterrian eta Deustun bizi izan ostean, Durangora heldu zen familia Gurutzik lau urte zituela.
Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen ondoren eta Politika eta Gizarte Zientzietan lizentziatu zen Arregi. 1972 eta 1985 bitartean, Jose Migel Barandiaranekin egin zuen lan 1973tik Euskal Herriko material etnografikoen bilketa eginez Etniker proiekturako eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoa koordinatzen.
Horrez gain, Eskoriatzako Irakasle Eskolan ikastaroak eman zituen eta Labayru Institutuko Etnografia Saileko zuzendaria izan zen, Bilboko Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoa koordinatzen duen Patronatuko kide izan zen eta Eusko Ikaskuntzako idazkariorde, Antropologia-Etnografia Saileko lehendakari eta idazkari-kudeatzaile izan zen.
Durangoko Frankismo osteko lehenengo udalbatzan zinegotzia ere izan zen, baita hango Arte eta Historia Museoaren bultzatzaile eta Gerediaga Elkarteko lehen bazkideetakoa ere. Ondoren, idazkari kargua hartu zuen elkarte honetan eta Durangoko Kurutziaga ikastolaren sorreran parte hartu zuen.