GAUR8
Gaur X urte

Nevado del Ruiz sumendiaren erupzioak 25.000 pertsona inguru hil zituen 1985ean

1895eko azaroaren 13an Kolonbiako Caldas eta Tolima departamenduen artean dagoen Andeetako Nevado del Ruiz sumendiaren erupzio batek Armero herriaren hirigunea lurperatu zuen. 25.000 pertsona hil ziren eta beste erupzio bat egon zen 1989an, biktimarik gabe.

Nevado del Ruiz sumendiaren tontorra, 1985eko azaroan, erupzioaren ondoren.
Nevado del Ruiz sumendiaren tontorra, 1985eko azaroan, erupzioaren ondoren. (Wikimedia Commons)

Gaur 39 urte, 1985eko azaroaren 13an, Kolonbian dagoen Andeetako Nevado del Ruiz sumendiaren erupzioa izan zen. Txikia izan zen arren, Armero herriaren hirigunea lurpean utzi zuen, lahar bat eratu zuen eta 25.000 pertsona hil zituen.

79 urtez geldirik egon ondoren, erupzioak ezustean hartu zituen inguruko herrixkak, nahiz eta Gobernuak hainbat organismo bolkanologoren ohartarazpenak jaso zituen 1985eko irailean jarduera bolkanikoaren lehen zantzuak agertu zirenetik.

Egun hartan gertatutakoa XX. mendeko bigarren sumendi erupziorik suntsitzaileena bezala hartzen da, 1902an Martinikan dagoen Mont Pelee sumendiaren erupzioaren ondoren. Aurretik antzeko erupzioak gertatu ziren Kolonbiako txoko honetan 1595ean eta 1845ean, baina ez ziren hain suntsitzaile eta hilgarriak izan.

Nevado del Ruiz errauts bolkaniko gogortuz eta beste piroklasto batzuekin tartekatzen diren laba geruza ugariz osatutako geruza-sumendi bat da. Aktibo egon da bi milioi urte inguruan zehar, Pleistozeno goiztiar edo Pliozeno berantiarretik, hiru erupzio garai garrantzitsurekin. Egungo erupzio garaian zehar eratutako sumendi konoaren eraketa duela 150.000 urte hasi zen.

Sumendia Bogota hiriburutik 129 kilometro mendebaldera dago, Andeetako eremuan. Mendigunea lau failaren elkargunean dago eta horietako batzuk oraindik aktibo daude.