GAUR8

Nerabeekin komunikatzeko jarraibideak eskainiko ditu Agifesek, «buru osasuneko arazoak prebenitze aldera»

Nerabeen buru osasunaren gaineko hitzaldia eskainiko du Nekane Azuabarrena Agifes elkarteko psikologoak astelehenean Hondarribian. Prebentzioan zentratuta, ikupegi praktikoa izango du, adituak familia komunikazioa hobetzeko jarraibideak eskainiko baititu.

Nerabeekin familia komunikazioa hobetzeko jarraibideak eskainiko ditu Gipuzkoako elkarteko psikologoak.
Nerabeekin familia komunikazioa hobetzeko jarraibideak eskainiko ditu Gipuzkoako elkarteko psikologoak. (Agifes)

Nerabeen artean buru osasuneko arazoen prebentzioari buruzko hitzaldia eskainiko du Agifesek hurrengo astelehenean (azaroak 25) Hondarribian. Gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien senideen Gipuzkoako elkarteak komunikazioan jarriko du fokua, Nekane Azuabarrena psikologoaren laguntzarekin.

Aurreratu dutenez, psikologoak jarraibideak eskainiko dizkie bertaratutakoei, «familia komunikazioa hobetzeko eta, hala, seme-alabei beren sufrimendu psikikoa azaleratzen eta ager daitezkeen osasun mentaleko arazoak bideratzen laguntzeko».

Elkarteak hezkuntza-komunitateari begira abian jarritako ‘Zeuk Aukeratu’ programaren arduraduna da Azuabarrena. Ikasleei, gurasoei eta ikastetxeetako langileei zuzenduta, hainbat tailer eta hitzaldi eskaintzen ditu Agifesek ekimen horren barruan, baita laguntza eman ere. Helburua da osasun mentalari buruz sentsibilizatzea eta informatzea, baita arazo psikikoen kudeaketan eta errekuperazio prozesuan laguntzea ere.

Programaren barruan, osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei laguntza ematen da «bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat diseinatzeko, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta», adierazi du Azuabarrenak.

Adinaren garrantzia

Gazteen artean prebentzioak duen garrantzia azpimarratu du Agifesek, eta gogoratu du osasun mentaleko arazoen %50 15 urte bete baino lehen agertzen direla, eta %75 18 urte bete baino lehen.

Gaineratu du Estatu espainolean suizidioa bigarren heriotza-kausa dela 10-17 urte bitarteko adingabeen artean, eta nabarmendu du buru nahasmenduak batez ere nerabezaroan sortzen direla, «eta gero eta adin txikiagoko haurren artean hautematen» ari direla.

Hitzaldia Hondarribiko Kultur Etxean izango da, 18.00etatik aurrera.