GAUR8

Europako bina milioi euroko laguntzak jasoko dituzte Ikerbasqueko bi ikertzailek

Europako Ikerketa Kontseiluaren bina milioi euro jasoko dituzte Ikerbasqueko bi ikertzailek gidatutako proiektuek. Amaia Arranzek gidatzen du laguntza jasoko duen ikerlanetako bat, alzheimerrarekin lotuta, eta bi milioi euroko beste laguntza bat izango du Marie Lallierrek elebitasunaren esperientzien eta garunaren garapenaren inguruko ikerlanarentzat.

Amaia Arranz Mendiguren Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko ikertzaileak bi milioi euroko laguntza jaso du bere ikerketa proiektuarentzat.
Amaia Arranz Mendiguren Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko ikertzaileak bi milioi euroko laguntza jaso du bere ikerketa proiektuarentzat. (IKERBASQUE)

Marie Lallier (BCBL Basque Center on Cognition Brain and Language) eta Amaia Arranz Mendiguren (Achucarro Basque Center for Neuroscience) Ikerbasque ikertzaileek Europako Ikerketa Kontseiluaren bina milioi euroko ERC Consolidator laguntzak eskuratu dituzte.

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundaziotik jakinarazi dutenez, Europako Batzordeak 2007an sorturiko Europako Ikerketa Kontseiluak laguntza ematen die «ezagutzaren mugetan arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten proiektuei», ikerketari zuzendutako mundu mailako laguntzarik garrantzitsuenetakoa izanik.

‘ERC Consolidator 2024’ deialdiaren emaitzak jakin berri dira eta Ikerbasqueko bi emakume ikertzailek jaso dituzte laguntzak. Modalitate hau zazpi eta hamabi urte bitarteko esperientzia zientifikoa duten ikertzaile bikainei zuzenduta dago, eta ezagutzaren mugan etorkizunik handiena duten ideiak finantzatzea du helburu.

Amaia Arranz Mendiguren Ramon y Cajal eta Ikerbasqueko ikertzailea da Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan, eta bi milioi euro jaso ditu astrozitoek alzheimer gaixotasunari egindako ekarpena ulertzea helburu duen ‘hASTROCURE’ asmo handiko proiektua garatzeko.

Alzheimer gaixotasunari lotuta orain arte gutxi ikertu diren astrozitoak diziplina anitzeko ikuspegi batetik ikertzea proposatzen du proiektuak, gaitzari egiten dioten ekarpena argitu eta estrategia terapeutiko berriak zehaztu ahal izateko.

Garuna eta elebitasun goiztiarra

MarieLallier BCBL zentroko ikertzailea. (IKERBASQUE)

Marie Lallier BCBL zentroko ikertzailea. (IKERBASQUE)

Marie Lallier BCBL Basque Center on Cognition Brain and Language zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak lortutako laguntzari esker, ‘BIBALANCE’ garatzeko aukera izango du, bi milioi euroko finantzaketa tarteko, elebitasun goiztiarrak dislexian garunaren erresilientzia areagotzeko duen ahalmena ulertu ahal izateko.

Proiektuak aztertuko du txikitatik bi hizkuntza ikasteak garunaren antolamenduan eragiten duela eta irakurketarekin lotutako erronkak gainditzeko aukera errazten duela. Ikerketak neuroirudi eta genetikako teknika aurreratuak erabiliko ditu 500 euskal haur elebidunetan.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren hitzetan, «ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, bereziki han-hemenka dauden nazioarte mailako euskal ikerketa taldeak eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiak kontuan hartuta».