GAUR8

Europako Kontseiluaren museo onenaren saria jaso du Bilboko Euskararen Etxeak

Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak 2025eko Museoen Saria eman dio Bilboko Euskararen Etxeari. Euskararen transmisioan egiten duen lana eta hiru hizkuntzatan aurkeztutako erakusketa nabarmendu dituzte sarien antolatzaileek.

Euskararen Etxea, Bilbon.
Euskararen Etxea, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak 2025eko Museoen Saria jaso du Bilboko Euskararen Etxeak. Euskararen Egunean bertan izan zuen sariaren berri.

Sarituaren inguruan, antolatzaileek nabarmendu dute «Euskararen Etxea hizkuntza bat zaintzeko erronka erakusten duen museo txiki bat» dela. «Bisitariek euskaraz entzun, irakurri eta abestu dezakete. Erakusketa lau hizkuntzatan aurkeztu da –euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa–, eta, horri esker, bisitariek Europako hizkuntza horien arteko antzekotasunak eta eraginak arakatu ahal izango dituzte», azaldu dute.

Konstantinos Efstathiou (Zipre, SOC) Museoko Sariaren batzordeko ordezkariak adierazi duenez, «Euskararen Etxea euskararen transmisioa eta erabilera sustatzeko belaunaldien arteko jarduerak biltzen dituen oinarrizko ekimena da. ‘Museo txiki handi’ bat da, jarduera asko kudeatzen dituzten langile iraunkorreko hiru kide eta bazkide sare bat dituena».

1977az geroztik urtero ematen da Museoen Saria Europako kultura-ondarea ulertzen, giza eskubideen eta demokraziaren errespetua sustatzen, kultura-zubiak sortzen, muga sozial eta politikoak gainditzen, bisitariek gizarte-arazo garaikideei buruz dituzten ezagutzak eta ulermena handitzen eta herritartasun demokratikoaren ideiak esploratzen nabarmen lagundu duen museoari.

Saria Europako Urteko Museoaren Sarien parte da. Sariaren azken irabazleen artean Sybir Oroitzapenezko Museoa Bialystoken, Polonian (2024); Langileen Museoa Kopenhagen, Danimarkan (2023) eta Nano Nagle Place Corken (2022).

Beste kategoria batzuetako 2025eko irabazleak hurrengo maiatzaren 21etik 25era Poloniako Bialystok hirian egingo den EMYA2025eko Urteko Konferentzian eta Sari Banaketa ekitaldian iragarriko dira.