Haitzgibelen ‘Egur heze, ke urdin, sail beltz’ erakusketa Txillardegi aretoan egongo da 27ra arte
Haitzgibel egile gipuzkoarraren ‘Egur eze, ke urdin, sail beltz’ erakusketa ikusgai egongo da Donostian abenduaren 27ra arte, EHUko Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoan. Sarrera librekoa, astelehenetik ostiralera ikus daiteke.
2018 eta 2024 urteen artean Haitzgibel egile gipuzkoarrak sortutako lan ezberdinen hautaketa da ‘Egur heze, ke urdin, sail beltz’ erakusketa. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Txillardegi aretoan dago ikusgai abenduaren 27ra arte, astelehenetik ostiralera, 8.30ean hasita eta 20.30ak arte.
«Marrazkigintzan modu esperimentalean luzaroan aritu ondoren, Haitzgibelek Bartzelonan eman ditu bere azken formakuntza urteak, Joan Ferco margolariaren estudioan, Sant Lluc Zirkulu Artistikoan eta La Llotja arte eskolan, besteak beste», azaldu du Unibertsitateak ohar bidez.
Bartzelonan egindako ibilbide horren inguruan erantsi du Haitzgibelek hainbat erakusketa proiektu kolektibotan parte hartu duela bertan, eta horien artean daude Pol Bolibarren ‘Maresia’ poesi-libururako egindako ilustrazioak.
Azken urteetan «zeharkaturiko leku, motibo, teknika eta estiloen isla» da erakusketa. Azaldu dutenez, ikusgai dagoen lan bilduman elkarrekin agertu eta, era berean, «kontrajartzen dira» naturalerako sorkuntza eta sorkuntza espresionista, «inguruaren asimilazioa eta hustuketarako bulkada». Era berean, «landa eta hiria, paisaia eta gorputza, jatorria eta noraeza, desira eta estura» uztartzen dira lanetan, margoa, marrazkia eta grabatuaren bidez.
Zehaztu dute, halaber, lanetan hiru sail berezi daitezkeela garai ezberdinekin eta kolore edo tonu ezberdinetan islatuta: «Egur eze (2018-2020), naturalerako margogintzan oinarritutako landa inguruko olio eta akrilikoen saila»; «Ke urdin (2010-2022), tonalitate urdinean oinarritutako arkatz eta ‘guache’ bidezko marrazki eta konposaketa mistoen saila», eta «Sail beltz (2022-2024), tonalitate beltzean» egindako «‘guache’ bidezko marrazkiak, collage-ak eta xilografia zein litografia estanpak».