Javier Mileik urtebete egin du Argentinako presidente karguan
Mileik abenduaren 10ean hartu zuen Argentinako presidente kargua. Politikari ultraeskuindar eta ultraliberalak aldaketa nabarmena eragin ditu herrialdeko egoera politikoan.
Ultraeskuinak mundu osoan izan duen gorakadaren beste adibide batean, duela urtebete Argentinako presidente kargua hartu zuen Javier Mileik, bigarren itzulian botoen %56 eskuratu ostean. 2021an, hauteskunde legegileetan, Buenos Aires Hiri Autonomoko diputatu nazional gisa hautatua izan zen.
2023ko presidentetzarako hauteskundeei begira, hautagai gisa aurkeztu zen, eta abuztuaren 13ko primarioetan baliozko botoen %29.86 lortu zituen. Herrialde osoan boto gehien lortu zuen hautagaia izan zen. Hala, La Libertad Avanza koalizioaren hautagaia bilakatu zen.
2023ko urriaren 22an egindako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, Sergio Massa Union por la Patria alderdiko hautagai peronistak Milei garaitu zuen, ehuneko sei puntuz baino gehiagoz. Mileik 8.034.990 (29.99%) boto lortu zituen, eta Massak, berriz, 9.853.492 (36.78%).
Bigarren itzulia 2023ko azaroaren 19an egin zen. Mileik Macrismoaren babesa jaso zuen eta, garaipen sendoa lortu zuen, botoen %56rekin (14.554.560), Sergio Massaren (11.598.720) %44ren aurrean.
Mileik abenduaren 10ean hartu zuen Argentinako presidente kargua, eta aldaketa nabarmena eragin zuen herrialdeko egoera politikoan.
Erreforma sakonak proposatu ditu, hala nola ekonomia dolarizatzea, Estatua murriztea eta abortatzeko eskubidea bezalako politika sozial aurrerakoiak ezabatzea.
Bere jarrera batzuek polemika handia eragin dute, hala nola, klima aldaketa ukatzea, Argentinako diktadura eta estatu-terrorismoa ez kritikatzea, eskoletan sexu-heziketa integrala errefusatzea, marxismo kulturalari buruzko eskuin muturreko konspirazioaren teoria babestea...