GAUR8

Itsas hondakinen kudeaketa sistematizatzeko bideak ikertu dituzte

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak lehen pauso bat eman nahi izan du itsasoan bildutako plastikoak hiri-hondakinen sisteman integratzeko aukera ebaluatzeko.

Ezkerretik eskuinera Amaia Mendoza, Galder Kortaberria eta Cristina Peña.
Ezkerretik eskuinera Amaia Mendoza, Galder Kortaberria eta Cristina Peña. (UPV/EHU)

Hiri-hondakin solidoek ez bezala, itsas hondakinek oraindik ez dute kudeaketa-sistema sistematizaturik; oso modu puntualean egiten da, eta proiektu oso zehatzen esparruan. Horregatik, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak lehen pauso bat eman nahi izan du itsasoan bildutako plastikoak hiri-hondakinen sisteman integratzeko aukera ebaluatzeko.

«Garrantzitsua da kontuan hartzea hondakin horiek itsasoan egon direla eta, beraz, degradazio-maila handia dutela; ez da gauza bera gertatzen, adibidez, edukiontzi horira bota den eta baldintza normaletan egon den botila batekin. Ikerketa aitzindari hau doktore-tesi baten parte da, eta era horretako hondakinak hiri-hondakinak birziklatzeko gaur egungo azpiegituretan modu eraginkorrean kudeatzeko aukera aztertzen du», azaldu du Cristina Peñak, Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko irakaslea eta lanaren egileak.

«Lan honetan —erantsi du Amaia Mendozak, UPV/EHUko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeko ikertzaileak—, marka bereko PETezko ur-botila berdin-berdinak erabiltzen ditugu, ingurumen-baldintza desberdinen ondorioak ebaluatzeko. Bi multzotan banatzen ditugu botilak: lehenengoa aire zabalean uzten dugu bederatzi hilabetez, eta hondartza edo kostalde harritsu bateko baldintzak simulatzen ditugu; bigarrena, berriz, itsasoan murgiltzen dugu denbora-tarte berean. Ohartu ginen botila urperatuek degradazio kimiko handiagoa jasaten zutela; aldiz, ‘kostaldean’ eta aire zabalean zeudenek egoera hobean iraun zuten». Lan egiteko modu horri esker, aztertu ahal izan dute nola aldatzen den degradazio-prozesua itsas baldintzen arabera eta nola erantzuten duen hondakin-mota bakoitzak ingurunearen arabera.

Ondoren, «simulatu genuen nola kudeatuko liratekeen material horiek hiri-hondakin solidoak tratatzeko instalazio batean», degradaziorik gabeko botila berdinekin alderatuz, ikusteko ea instalazio horietako bereizketa automatikoko ekipoak gai izango ote ziren itsas jatorriko plastikozko botilak identifikatzeko eta bereizteko. «Hori argitzeko, bereizketa optikoko sistema batekin probak egin genituen, hau da, materialak konposizioaren arabera automatikoki sailkatzen dituen teknologia batekin». Ikusi zutenez, itsas jatorriko botilen —aire zabalekoena zein itsasoan murgildutakoena— bereizketa-eraginkortasuna «oso handia» zen, «hiri-hondakinetako botilenaren antzekoa», adierazi du Amaia Mendozak.

«Emaitza horiek adierazten dute bideragarria dela itsas botilak instalazio horietan tratatzea eta, bestalde, teknika hori arrakastaz inplementa litekeela. Degradazio-maila funtsezkoa da ondorengo birziklatze-lanaren bideragarritasuna balioztatzeko», azpimarratu dute UPV/EHUko ikertzaileek.