GAUR8

Hondarribiak Auzosare proiektua jarriko du abian, bakardadean bizi diren 60 urtetik gorakoei zuzenduta

Hondarribiko Udalak Auzosare proiektua jarriko du abian 2025ean, bakardadean bizi diren 60 urtetik gorako lagunei zuzenduta, haien bizi-kalitatea hobetu eta gizarteratzeko. Bakardadeak izan ditzakeen eragin kaltegarriei aurre egitea da erronka.

Hondarribiko udalerriaren irudi panoramikoa.
Hondarribiko udalerriaren irudi panoramikoa. (Jon URBE | FOKU)

Hondarribiko Udalak Auzosare proiektua jarriko du abian 2025aren hasieran, bakardadean dauden 60 urtetik gorako pertsonen «bizi-kalitatea hobetzeko eta gizarteratzeko».

Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak ohar batean azaldu du proiektua onartu dela Tokiko Gobernu Batzarreko udal talde guztien babesarekin. Ekimena aurten jarriko dute abian, hiru hezitzaileren laguntzarekin.

«Gaur egun asko hitz egiten da bakardadeaz, eta hori da adinekoen osasuna eta gizarteratzea okertzeko arrazoi nagusietako bat», adierazi du udal ordezkariak, eta gaineratu du horrek «eragin kaltegarria» duela «pertsona horien autonomiari eusteko».

«Gure erronka da adineko ahulenei gizarteratzen eta ongizate-estatuaren parte sentitzen laguntzea», esan du Peñak. Nabarmendu du, halaber, «pertsona asko bakarrik daudela» eta «askotan» ez garela konturatzen «horrek dakarren larritasunaz».

«Urte osoa daramagu bakardadeari helduko dion proiektu baten bila eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Fundazioarekin hitz egiten, eta ikusi dugu Zabalduz kooperatibaren Auzosare proiektuak eragin handia izan dezakeela herrian; izan ere, kalteberatasun-egoeren detekzio goiztiarrean eta jarraipenean lan egiten du, eta komunitateko boluntarioak eta eragile komunitarioak (bizilagunak) sentsibilizatzen ditu, bakardadean dauden pertsona horien bizi-kalitatea eta esku-hartze profesionala hobetzeko», azaldu du.

Gainera, ekimen horrekin «gizartearen aktibazio komunitarioa» lortu nahi dute, «bakardadean dauden pertsonen beharrei erantzun ahal izateko».