Duela bi urte hil zen Pele futbolari brasildarra, ‘jogo bonito’-ren ikurra
Gaur bi urte, 2022ko abenduaren 29an, hil zen Pele, mundu mailan ezagun egin zen futbolaria. 36 urte zituela utzi zuen futbola, bere ibilbidean 1.284 gol sartuta.
Brasilgo ‘jogo bonito’- ikurra, bere herrialdeko selekzioarekin Munduko hiru kopa irabazi zituen futbolari bakarra eta askoren ustez historiako jokalaririk onena, Pele, orain dela bi urte hil zen, 2022ko abenduaren 29an, 82 urte zituela.
1958ko Suediako Munduko Txapelketan mundua liluratu zuenetik, 17 urte zituela, Edson Arantes do Nascimento, ‘Pele’ ezizenez ezaguna, magiaren eta futbolaren idolo bihurtu zen, eta horrela iraun zuen bere azken egunetara arte, nahiz eta bere bizitza ez zen egon polemikatik salbu.
1962. eta 1970. urteetan jokatu ziren mundu lehiaketetan ere garaipena lortu zuen. Brasilen jokatu zuen, Santos futbol taldean, harik eta 1974an futbola utzi zuen arte. 1975ean, ordea, futbolera itzuli zen, kirol horretan beste bi urtez aritzeko, New Yorkeko Cosmos futbol taldearekin dirutza handiko kontratua sinatuta, gainera.
1977ko urriaren 1ean, 36 urte zituela, Pelek agur esan zion behin betiko futbolari, 75.000 ikusleren aurrean, Santosen eta Cosmosen arteko partida batean, talde bakoitzarentzat denbora bat jokatuz.
Futbol profesionalaren goleatzailerik onena izan zen, 1.284 gol sartu baitzituen bere ibilbide osoan. Partida bakar batean sartutako gol kopururik handiena 1964an lortu zuen: 8 gol (Santos 11-Botafogo 0). 1959ko denboraldian 127 gol sartu zituen, inoizko markarik handiena.
«Batzuetan brometan esaten dut Ilargira joatea bakarrik falta izan zitzaidala, Ilargian jokatzea falta izan zitzaidan», esan zuen 2020an.