GAUR8
Gaur X urte

Gaur 25 urte hil zen Ana Maria Martinez Sagi emakume aitzindaria

2000 urteko urtarrilaren 1ean hil zen Ana Maria Martinez Sagi poeta, sindikalista, kazetaria, feminista eta atleta katalana, gaur 25 urte. Xabalinan txapeldun izan zen, bai eta Futbol Club Barcelona taldeko zuzendaritza batzordeko historian izan den lehen emakume kidea ere.

Ana Maria Martinez Sagi.
Ana Maria Martinez Sagi. (Generalitat de Catalunya | Wikimedia Commons)

Duela 25 urte, 2000ko urtarrilaren 1ean, Bartzelonan hil zen Ana Maria Martinez Sagi emakume aitzindaria, 92 urte zituela. Kazetaria, feminista eta sindikalista izateaz gain, atleta izan zen, xabalinako espezialitatean txapelduna.

Martinez Sagi Bigarren Errepublika espainoleko emakume kazetarien artean garrantzitsuenetakotzat jotzen da, Josefina Carabias espainolarekin batera. Hemeretzi urte zituela, ‘Las Noticias’ Bartzelonako egunkariko emakumezkoen gehigarrian idazten hasi zen eta, geroago, ‘La Rambla’ egunkarian kolaboratu zuen.

Kataluniako politikariak elkarrizketatzeaz gain, eskale eta emagalduei ahotsa eman zien eta aipagarriak dira emakumeen sufragioari buruz idatzitako erreportajeak, eztabaida handia piztu zutelako.

Idazle gisa arrakasta handiko zenbait poema liburu argitaratu zituen eta, feminismoaren alde, emakumeen alfabetatzea bultzatzen ahalegindu zen Bartzelonako emakume langileen lehen kluba sortuz.

1934an, hogeita zazpi urte zituela, Futbol Club Barcelonako zuzendaritzako lehen emakumea izan zen, eta horrela, Josep Suñolen eskutik, Espainiako goi-mailako futbolaren lehen emakumezko zuzendaria bihurtu zen.

36ko gerra amaitzerakoan Estatu frantsesera erbesteratu zen eta bertan Erresistentzian parte hartu zuen. Horren ostean Suedian izan zen eta, 1950ko hamarkadan Estatu Batuetara joan zen eta 20 urte eman zituen frantsesa eta gaztelera irakasten Illinoiseko Unibertsitatean. 1977an Bartzelonara itzuli eta bertan igaro zituen bere azken urteak.