45 urte Xabier Amurizak bere lehen txapela jantzi zuenetik
Gaur bezalako egun batean, duela 45 urte, Donostiako Balda pilotalekuan egin zen Euskal Herriko Bertso Txapelketaren finala. 1980ko Errege egun hartan, Xabier Amurizak bere lehen txapela jantzi zuen, 39 urterekin, eta berarekin bertsolaritza garai berri batean sartu zen.
Bertsolaritza modernoaren figura nabarmena dugu Xabier Amuriza (Etxano, 1941). Bertsolari, idazle, iritzi egilea eta politika aktiboan jardun izandakoa, intelektual bat kontsidera daiteke. Sortzailea ere, zalantzarik gabe.
Berea ez da izan, halere, ibilbide erraza. Amagoia Mujikari aitortu zion legez, 1980ko Errege Egun hartan bizi zuen garaipena gazi-gozoa egin zitzaion: «Txapelaren aurretik banituen aldeko eta kontrako sektoreak, eta bertsolaria banintzen edo ez nintzen eztabaida hortxe zegoen. Txapelketara joan behar nuela zalantzarik ez nuen. Eta txapela irabazi nuenean pentsatu nuen dagoeneko bukatuko zela eztabaida hori. Baina ez zen horrela gertatu, kontrako sektorea piztu egin zen. Esaten zuten liburuko bertsolaria nintzela, ez nintzela benetako bertsolaria. Gainera, euskara batuan egin nuen eta horrek ere eztabaida sortu zuen».
Xalbador buruan zuen etxanotarrak: «Nik txapelketa ona egin nuen eta nire pozik handiena izan zen euskara batuan eginda irabazi nuela, gehienek ulertua izatea lortu nuela. Orduan euskara batuaren aldeko aldarrikapenarekin indartsu genbiltzan. Eta Xalbadorri gertaturikoa ere buruan nuen, Xalbadorri txistu jo ziotenean ni epaile nengoelako. Baina nik txapelketa hartan euskara batuan egin nuen, hizkuntza informala erabili nuen baina, era berean, literaturako zenbait modu bertsolaritzarako ere baliagarriak zirela erakutsi nuen. Eta ulertu egin zidaten. Zutabegintzan aritzen nintzen, hango gauzak ekartzen nituen bertsotara, metaforak eta konparazioak, eta apaizgintzan ohitua nengoen jendearen aurrean solemnitatez aritzen».
Donostiako Balda pilotalekuan zortzi bertsolari, aurrez-aurre. Amurizak lehen txapela jantzi zuen, 39 urterekin. Bederatzi puntukoan, Euskal Herriari kantatu zion: «Erreka-bazterrean ernetzen da altza/ ark bezela guk ere orriak altza/ Euskalerri gurea da gure maatsa/ naiz-ta askatasunez eztan aberatsa/ au destino latza/ askotan garratza/ gakoa or datza/ aldatzeko martxa/ bera muga lotuak gora esperantza».
1982an ere bera izan zen garaile. Hamarkada horretan, bertso eskolen eragile nagusia izan zen. 2016an utzi zion bertsolari jarduerari, baina inondik ere ez sortzeari.