GAUR8

Basque Circular Summit jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra ardatz dituen bilkura egingo da Bilbon apirilean

Finantza jasangarriak, hondakinen kudeaketa eta greenwashing bezalako gaiak izango dituzte hizpide apirilean Bilbon izango den Basque Summit Europako hegoaldeko ekonomia zirkularrari buruzko goi-bilera. Ehunka profesional eta aditu bilduko ditu hitzorduak Euskaldunan.

Euskalduna jauregia, Bilbon.
Euskalduna jauregia, Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ihobe Lakuako Gobernuko Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak Basque Circular Summit Europako hegoaldeko ekonomia zirkularrari buruzko goi-bilera egingo du apirilaren 2, 3 eta 4an Bilbon. Hitzordua jarraitzeko izena emateko epea zabadu du https://basquecircularsummit.eus/eu/ webgunean.

Ekitaldia Euskalduna jauregian izango da, eta industriako eta ingurumeneko ehunka profesional eta aditu bilduko ditu, eredu zirkular baterako trantsizioak Europan dituen ondorioak aztertzeko.

Topaketaren bidez, Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ekonomia zirkular bat sustatu nahi du, euskal enpresei politika komunitarioak eragindako erronkei aurre egiten lagunduz eta, horrela, lehengaiak hobeto aprobetxatzen dituen ekoizpen eredu baterako trantsizioa bermatuz.

Berrikuntza gisa, bilkuraren hurrengo edizioan hiru gune nagusi izango dira: ‘Forum’, non hiru egunetako hitzaldi guztiak bilduko diren; ‘Expo’, azken urteetan ekonomia zirkularraren arloan euskal enpresek egindako lana erakusteko (erakusketariak hartzeko irekita dago oraindik); eta ‘Village’ elkartzeko gunea, stand eta ekitaldi paraleloekin, arloan lan egiten duten erakundeek eta eragileek euren jarduerak ezagutarazteko.

Zehazkiago, ‘Forum’ gunean, ekonomia zirkularraren inguruko arlo guztiei buruz hitz egingo da: ontziak eta ehungintza sektorea, Europako Itun Berdetik Industria Itun Garbi berrira igarotzea, lehengai kritikoak, eraikuntzako materialak, Ekodiseinuari buruzko Europako Erregelamendua, produktuaren pasaporte digitala eta konpontzeko eskubidea.

Bigarren jardunaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerrietan aplika daitezkeen Europako ekimenak aztertuko dira, bai eta jasangarritasuneko gardentasun korporatiboari buruzko arau esparru berria ere.

Eztabaida mahaiek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola finantza jasangarriak, hondakinen kudeaketa, ETEen jasangarritasunaren ebaluazioa, kontsumitzaileak ahalduntzeko modua eta ‘greenwashing’ edo kapital inbertsioak proiektu jasangarrietara bideratzea.

Topaketaren azken jardunaldian erakundeen zirkulartasuna eta jasangarritasuna nola neurtu azalduko da, negozio eredu zirkularren adibideak emango dira, eta industrian trantsizio zirkular eta klimatikoa bizkortzeko teknologiak duen garrantzia aztertuko da.

Ildo horretan, adimen artifiziala ekonomia zirkularraren esparruan nola aplikatu ulertzeko espazioa ere egongo da, bai eta ekoberrikuntzak materialen eraginkortasuna hobetzeko ematen dituen gakoak ulertzeko espazioa ere.

Euskal adibideak

Bestalde, ‘Expo’ guneak euskal enpresetako zirkulartasunaren adibideak erakutsiko ditu hainbat sektorek emandako produktuen bidez. Gainera, erakusketa baliagarria izango da Exekutiboak aitor dezan EAEko industriak ekonomia zirkularrago baterako trantsizioan azken urteetan egindako lana.

‘Expo’ guneak soluzioak proposatuko ditu orain arte garatutako produktu eta zerbitzuetan. Erakusketan parte hartu nahi duten enpresek 2025eko urtarrilaren 31ra arte eman dezakete izena. Beharrezko baldintzak izango dira, besteak beste, egoitza soziala edo jarduera zentro bat EAEn izatea eta bere soluzioak erabat garatuta egotea, ingurumen hobekuntza frogagarriarekin.

Basque Circular Summit 2025ek ‘Village’ espazioarekin osatuko du eskaintza. Hiru egunetan irekita egongo da, ekonomia zirkularreko erakunde eta eragileek beren burua ezagutzera emateko eta esperientziak partekatzeko.

‘Networking’ hori 20 stand modularrekin osatuko da, non baliabideen erabilera eraginkorrarekin izandako lorpenak erakutsiko diren, aldaketa klimatikoari edo biodibertsitatearen galerari aurre egiteko lehentasunezko beste estrategia batzuekin batera.

Parte hartzeko interesa duten erakundeek erakusmahai bat eskatu dezakete 2025eko urtarrilaren 17ra arte, eta erakunde parte hartzaileak eskaintzen den balio proposamenaren arabera aukeratuko dira.

‘Village’ gunean Basque Circular Summit goi bileraren barneko ekitaldi paraleloak ere egingo dira, stand horietan dauden erakundeek antolatuta, eta guztira zortzi saio erreserbatu dira.

Aurreko edizioa, 2022an

Goi bilerak 2022ko azaroan egin zuen aurreko edizioa, Irungo Ficoban, eta 800 profesional eta sektore industrial askotako 350 enpresa baino gehiago bildu ziren, negozio eredu jasangarri eta lehiakorragoak ezagutzeko.

Hitzorduak «ekonomia zirkularraren arloko Europako erreferentzia bihurtu zuen Euskadi». 2022ko edizioan, Europako Batzordeko ordezkariek, euskal enpresa handiek eta hainbat klusterrek, zentro teknologikok eta unibertsitatek parte hartu zuten.