GAUR8

‘Emakumea eta amatasuna Erroman’ hitzaldia, Irungo Oiasso Museoaren agendan ostiralerako

Juan Manuel Melchorren ‘Emakumeak eta amatasuna antzinako Erroman’ hitzaldiak zabalduko du Irungo Oiasso Erromatar Museoaren 2025eko kultur agenda. Aurreratu dutenez, «gai sorta zabala» ukituko ditu adituak, besteak beste, antisorgailuak eta erditze eta edoskitze prozesuen ingurukoak.

Irudian,bisitari bat Irungo museoan.
Irudian,bisitari bat Irungo museoan. (Oiasso Erromatar Museoa)

Irungo Oiasso Museoak 2025. urterako jardueren agenda zabalduko du datorren ostiralean, Juan Manuel Melchor kosmetika eta tresneria medikoko erromatar garaiko espezialistaren hitzaldiarekin. ‘Emakumea eta amatasuna antzinako Erroman’ izenburupean, 19.00etan izango da, gaztelaniaz, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Museoak zehaztu duenez, Melchorrek emakume erromatarren amatasunari lotutako «gai sorta zabala» jorratuko du, jaio aurreko zainketetatik eta antisorgailuetatik hasi eta erditze eta edoskitze prozesuetara arte.

Adituak «esperientzia luzea du erromatarren garaian gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen ziren tresna medikoak eta erremedioak aztertzen», nabarmendu du Oiasso Museoak.

Era berean, azaldu du Melchor Europa osoko museoekin harremanetan dagoela eta bere ibilbidean zehar «gai honi buruz aurkitutako objektu arkeologikoen erreprodukzio oso zehatzen bilduma garrantzitsua» biltzea lortu duela.

Hitzaldia BioGipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuarekin elkarlanean antolatutako ‘Historia + Zientzia’ zikloaren barruan dago. Bigarren edizio honetan, ‘Emakumea, sexua eta ugalketa: kontatu gabeko historia’ erakusketa dago ikusgai, urtarrilaren 12ra arte.

Oiasso Museoak gogorarazi duenez, erakusketak hizlariak bildutako instrumentuen «bilduma zabala» ezagutzeko aukera ematen du, baita antzinako eta Erdi Aroko emakumeen osasunari lotutako beste pieza etnografiko batzuk ere.