GAUR8
Gaur X urte

Gaur 45 urte hil zen Rachel Fuller Brown, onddoen aurkako lehen antibiotiko eraginkorra garatu zuen kimikaria

Rachel Fuller Brown gaurko egunez hil zen duela 45 urte. Kimikari estatubatuarrak onddoen aurkako lehen antibiotiko eraginkorra garatu zuen Elizabeth Lee Hazen kidearekin elkarlanean. Biomedikuntzaren esparruan hogei urtean izandako aurrerapen garrantzitsuena izan zen.

Rachel Fuller Brown.
Rachel Fuller Brown. (WIKIMEDIA COMMONS)

Gaur dira 45 urte Rachel Fuller Brown, onddoen aurkako lehen antibiotiko eraginkorra garatu zuen kimikaria, hil zela. Elizabeth Lee Hazen kidearekin batera ondu zuen sendagaia. Springfielden, Massachusettsen, jaio zen 1898ko azaroaren 23an, hots, Estatu Batuetan, eta Albanyn, New Yorken, hil zen 1980ko urtarrilaren 14an.

Fuller Brown Annie Fuller-en eta George Hamilton Brown-en alaba zen. Bere aita aseguru-agentea zen eta haren lanak behartuta aldatu zen familia osoa Webster Grovesera, Missouri estatura. 1912an gurasoak banatutakoan, amarekin eta nebarekin Springfieldera itzuli zen eta etxean diruz lagundu asmoz idazkari lanean hasi zen.

Etxeko egoera ekonomiko kaskarrak behartuta, bigarren hezkuntza bukatu bezain pronto lanean hasi behar izan zuen eta ezin izan zuen unibertsitatera joan beranduagora arte. Izan ere, Fuller Brownen amonak lagun zuen Henrietta F. Dexter eta honek, aberatsa izanik, gazteari Massachusettseko Mount Holyoke Collegeko matrikula ordaindu zion. Bertan ikasi zituen kimika eta historia, baina Emma Perry Carr irakaslearen klaseetan izan ondoren kimikarako grina handiagoa piztu zitzaion.

Chicagoko Unibertsitatean osatu zuen kimika organikoko eta bakteriologikoko doktoretza eta hiru urtez kimikako eta fisikako irakaslea izan zen Francisco Shime eskolan, Chicagotik hurbil.

Tesia aurkezteko hainbat arazo izan zituen, berriz ere, bere egoera ekonomikoa zela medio, eta doktore titulua eskuratu bitartean New Yorkeko Estatuko Laborategi eta Ikerketa Dibisioan kimika laguntzaile gisa lan egitea lortu zuen.

1948an Elizabeth Lee Hazenekin hasi zen lanean, zeina onddoen alorrean aditua zen. Elkar lan horri esker lortu zuten onddoek eragindako infekzioei aurre egiteko antibiotiko bat aurkitzea. Biomedikuntzaren esparruan hogei urtean izandako aurrerapen garrantzitsuena izan zen bi zientzialariek egindakoa.