Abian da Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 42. edizioko lanak jasotzeko epea
Bilboko Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketak lanak aurkezteko epea zabaldu du. Euskarazko eta gaztelaniazko ipuinak saritzen ditu deialdiak, eta bina akzesit ditu hizkuntza bientzako. Martxoaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira lanak.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 42. edizioaren lanak jasotzeko epea ireki du Bilboko Udalak. Lehiaketa 2025eko martxoaren 30ean amaituko da.
Bi hizkuntza-modalitate ditu deialdiak, euskaraz eta gaztelaniaz, biak ere 3.500 euroko sari banarekin eta 1.750 euroko bi akzesitekin. Saritutako lanak, gainera, argitaratuak izango dira.
Literatur sorkuntza sustatzea da deialdiaren helburua, baina horren ondoan, euskarazko egile garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutaraztea bilatzen du ekimenak.
Lehiaketa edozein nazionalitatetako idazleentzat zabalik dago. 18 urtetik gorako parte hartzaileei zuzenduta, egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du hizkuntza modalitate bakoitzean. Ez da aukeratutako hizkuntzaz besteko itzulpenik onartuko, lan originalak izan beharko dute eta aurretik sarituak izan ez direnak. Gaia librea da eta gehienez ere hamabost orrialde izango ditu.
Lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira www.bilbao.eus/concursoaresti udal web orrian edo www.bilbao.eus/arestilehiaketa helbidean. Bertan eskuragarri dago lehiaketaren oinarriei buruzko informazio guztia. Aurrekoetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatura arloko pertsona ospetsuek osatua.
‘Azazkalak’, euskarazko azken lan saritua
Amagoia Muxika Telleriak eskuratu zuen azken euskarazko Gabriel Aresti Saria ‘Azazkalak’ lanarekin. Gaztelaniazko modalitatean, Cesar Anguianoren ‘Nuevo camino hacia el mar’ lana izan zen aurreko edizioko saritua.
Euskarazko akzesitak Oskar Azkona Garciaren ‘Trail running’ eta Maitane Perez Argoteren ‘Lurrikarak’ lanentzako izan ziren. Gaztelaniaz, Alisa Leinen ‘Bahía de los ángeles’ eta Veronica Avilesen ‘Kintsugi’ ipuinek jaso zituzten akzesitak.