Oinez Basoa proiektua garatzeko urrats berriak egiteko hitzarmena sinatu dute
Nafarroa Oinez Fundazioak, Zangozako Ikastolak, Mankomunitateak eta Zangozako Udalak dinatutako hitzarmenak hainbat urrats finkatu ditu Oinez Basoa proiektua garatzeko. Zuhaitz berriak landatzea edota habia-kutxak jartzea dira esku hartzeetako bi.
Nafarroa Oinez Fundazioak, Zangozako Ikastolak, Mankomunitateak eta Udalak Oinez Basoa ren proiektua garatzeko hitzarmena sinatu dute. Akordioaren bidez, Mankomunitateak hegazti behatokien eta saguzarren kutxen proiektuetan lagunduko du, eta Udalak ikastolak egingo duen zuhaitz landaketan hartuko du parte.
Mankomunitateari esker igluak lortu dira hegaztien behatokietan jartzeko, eta horien garraioaz eta instalazioaz arduratuko da. Akordioaren barruan, saguzarrentzako kutxen finantziazioa ere egingo du.
Landaketa egitea da Udalak hartu duen konpromisoetako bat. Horren ondoan, «beharrezko ingurumen-baimena lortzeko eskabidearekin» lagunduko du, baita deialdi publikoan basoberritzeko laguntzen izapidetzearen kudeaketaren arloan ere.
Era berean, memoria teknikoaren eta proiektua egitearen kostua beregain hartuko du Udalak, baita beharrezko lanak egin eta «birpopulatutako lurzatia Nafarroako Oinez Basoa sarean integratzeko baimena» eman.
Bigarren Oinez Basoa izango da Zangozako Ikastolarentzat. Iaz ospatutako Nafarroa Oinezen hiru jarduera nagusi burutu ziren Eskualdeko Mankomunitatearekin eta Udalarekin lankidetzan: «tokiko hiri-hondakinen zabortegi zaharra berreskuratzea, hainbat landare-espezie landatuz; baso jangarri bat sortzea eta habia-kutxak jartzea Irati eta Aragoi ibaien korridorean, inguruko hegaztiak berreskuratzea bultzatzeko».
Espezie autoktonoak
Edizio honetan Zangoza aldean garatuko duten proiektuaren barruan hainbat jarduera egingo dituztela azaldu dute sinatzaileek. Izan ere, landaketari dagokionez, hostozabal autoktonoak jarriko dituztela aurreratu dute, «hala nola lizarra, basa-makala, almeza, serbala...».
Espezie horiek ingurunearentzako ekartzen dizkioten onurak nabarmendu dituzte, paisaia lehengoratzeko eta lurraren higadura eta degradazioa prebenitzeko. Biodibertsitatea aberasten laguntzea, tokiko flora eta faunaren babesleku diren mikroklimak sortzen laguntzea eta baso-suteen aurkako prebentzioa aipatu dituzte hurrengo esku-hartzeen artean, besteak beste.
Hegaztientzako bi behatoki sortuko dituzte, «erabiltzen ez diren beira jasotzeko edukiontziak berregokituz eta hartuko dituzten inguruneetan integratuz».
«Lehenengoa Zangozako araztegiko putzuen aurrean jarriko da. Biologo eta ornitologia gustuko duten lagun asko joaten dira bertara; izan ere, uretako hegazti ugari ikus daitezke, bai autoktonoak bai migratzaileak: ahate urdina, ahate koilara arrunta, zertzeta arrunta, txilinporta, ubarroia, koartza hauskara, martin arrantzalea, beltxarga eta abar luze bat», argitu dute.
Bigarren behatokia Oibarko simaurtegian egongo da. Azaldu dutenez, «eremu mugatua da, Ingurumenak kudeatua, eta bertan hegazti nekrofagoak elikatzeko hilotzak uzten dira, hala nola putreak, sai zuriak edo ugatzak, baita beste harrapari batzuk ere, hala nola miru beltza edo miru gorria».
Saguzarren habia-kutxa berrien inguruan, gogoratu dute Zangozako eskualdean gau-saguzar ertain talde bat dagoela, penintsulan oso urria eta galtzeko arriskuan dagoen espeziea. «Hala habia-kutxa mota, nola Zangozako hiri-eremuaren barruko kokaleku egokiena aukeratzeko, saguzarretan aditua den tokiko biologo baten aholkularitza izango dugu», zehaztu dute.