10.000 akziodunen hedabidea abiatu zenekoa
Baltasar Garzon epaileak 'Egin' itxi zuenean, argi zegoen haren hutsunea beteko zuen hedabidea beharrezkoa zela. Hala, gizarteak laguntza eskaerari erantzun eta GARA eraikitzea lortu zen duela 26 urte. Ordutik, irakurleen babesa ukaezina eta eskertzekoa izan da beti.

Orain etxe hau osatzen dugun batzuk haurrak besterik ez ginen GARAk bere lehen alea argitaratu zuenean, duela 26 urte. Mertxe Aizpurua buru zela eta irakurleen babes ekonomikoari esker –10.000 pertsona–, akziodunak bilakatu zirenak, eman zituen ezjakintasunezko lehen pausoak dagoeneko mende laurdena gainditu duen hedabideak.
Ilusioz eta gauzak ondo egiteko gogoarekin, baina batez ere, gizartean 1998ko 'Egin'en itxierarekin gelditu zen hutsunean betetzeko asmoz abiatu zen. Baltasar Garzon epailearen aginduz zapuztutako 'Egin'eko kazetari ugari igo ziren barkura, haien eskarmentua ekarriz eta sinadura berriei batuz.
GARAk, bere aurrekariak bezalaxe, hainbat arazori aurre egin behar izan die. Kazetaritzaren erronka orokorrak egon dira, paperaren gainbehera, NAIZen sorrera eta indartzea ekarri zuena, edo 2020an Covidak ekarri zuen gizarte eta kontsumo aldaketak, adibidez. Baina ibilbideko harririk handiena Estatu espainoleko Gizarte Segurantzak 'Egin'ek zituen zorren arduradun egitea izan zen. Irakurleek paper handia izan zuten une honetan ere, euren babesari esker, zorrari aurre egitea posible izan zitzaiolako hedabideari, eta GARA aterkiaren azpian gordetzen diren beste produktu guztiak mantenduz.
Oraindik etorriko dira beste erronka asko, ahalik eta modurik onenean aurpegiratzen saiatuko garenak. Fake newsen aurrean, benetako informazioa eskaintzen dugu, eta Adimen Artifizialaren aroan, buruarekin pentsatu eta eskuekin idazten duten pertsonak gaude ordenagailuaren atzean, bihotza ere euren testuetan jartzen dutenak.
Hobetzen jarraitzea ere bada erronka bat, garai berrietara zein irakurleen gustu eta profilei egokituz, gure iparra zein den ahaztu gabe.

«Euskarak normaltasuna konkistatu behar du, baina karta guztiak hor jartzeak porrotera garamatza»

Jasone Mitxeltorena, Zubietako errotazain berria

Groenlandia desiratua
