GAUR8

‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ animaziozko filma, Hego Euskal Herriko pantailetan bihar

Zinema Euskaraz programak euskarara bikoiztutako filmen urteko lehen estreinaldia iragarri du ostiral honetarako, urtarrilaren 31: ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ animaziozko filma. Otsailaren 7rako iragarri dute hurrengo estreinaldia.

Zinea Euskaraz programaren lehen estreinaldia ostiral honetan izango da.
Zinea Euskaraz programaren lehen estreinaldia ostiral honetan izango da. (Zineuskadi)

‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ animaziozko film herbeheretarra Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait zinema aretotan estreinatuko da ostiral honetan, urtarrilaren 31n, Zinema Euskaraz programaren eskutik, euskarara bikoiztuta.

Zinema Euskaraz programa sustatzen duen Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, egitasmoaren baitan 2025. urtean ikusiko den lehen filma euskaratua izango da hau.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako Zinema Euskaraz programak, eta haur zein gazteei zuzendutako filmen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzeko asmoz.

Hego Euskal Herriko zine aretoetan

‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’ filma Golem Alhondiga (Bilbo), Zugaza Zinema (Durango), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea) zinema aretoetan estreinatuko da ostiralean.

Zinema Euskaraz programaren baitan euskaraz ikusi ahal izango den hurrengo filma ‘Basatiak’ izango da. Otsailaren 7rako iragarri dute estreinaldia.

Filmak kontatzen duen istorioaren sinopsia eta trailerra Zineuskadiren web orrian daude eskuragarri.