Romualda Zuloaga, Galdakaoko pandero-jotzailea, Zebrabidea programako aurrerapenean
Romualda Zuloaga (1913-1971, Galdakao) lehen lerroko pandero-jotzailea izan zen, plazan gizonezkoa nagusi zenean bere lekua egin zuena. Plazak dantza batean jartzen zituen panderoa astinduz, talentua zuelako eta festa maite zuelako. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak biografia josi dio, merezi duen lehen lerrora ekartzeko.
Galdakaoko Arteta auzoan jaio zen Romualda Zuloaga, 1913ko otsailaren 7an. Bere garaiko pandero-jotzaile puntakoa izan zen. Plaza publikoa gizonezkoen jabetzakoa zenean, bere tokia hartu zuen bertan. Bere helburu nagusia -inon inoren tokirik aldarrikatzea baino- ondo pasatzea zen; festa maite zuen, panderoa hizketan jartzeko gaitasuna zuen eta plazan lehen lerroa hartu zuen. «Ni ondo pasatzera etorri naiz», erantzuten omen zien punta zorrotzeko galderei. Garai hartan nahiko berritzailea ere bazen emakume batek ondo pasatzea bere lehentasunen artean jartzea. Eta Romualdaz egunotaraino iristen diren ahotsek horixe nabarmentzen dute: bere alaitasuna, festarako gogoa, nekaezinaren poza.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Soinuaren Liburutegia bildumako 17. alea Galdakaoko artistari eskaini dio. Gontzal Carrasco trikitilari eta historialariak ondu du “Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra” biografia. Hortaz, lehen lerrora ekarri du lehen lerrokoa izan zen artista, euskara eta euskal kultura bihotzean tatuatuta zituena.
Zebrabidea irrati saioan GAUR8ko gai batzuk aurreratu ohi dituzte astero. Aste honetan Romualda Zuloagaz aritu da Amagoia Mujika.
Echevarriak badaki zerbait infiltrazioaren arteaz

Migratzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen harrera-espazio bat

Oinherri eta Hiritik at, hirigintza sozialagoak probatzen

«Bibragailuak oso tresna garrantzitsuak dira zoru pelbikoaren osasunerako»
