Osasun arloko ikerketa azpiegiturak abangoardiako teknologien bidez eraldatzeko proiektu batean parte hartzen ari da EHU
EHUko NanoBioCel ikertaldea nazioarteko osasun arloko proiektu batean parte hartzen ari da ikerketa azpiegiturak abangoardiako teknologien bidez eraldatzeko. Diagnostiko goiztiarrak, diana farmakologikoak eta medikuntza pertsonalizatua dira jomugetako batzuk.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) NanoBioCel ikertaldeak osasun arloko ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da, osasungintzako azpiegiturak eraldatzeko. «Horretarako, abangoardiako AA sortzailea eta biki digitalen teknologiak erabiliko dituzte, errealitate birtualarekin (RV) bateratuta», azaldu du EHUk ohar batean.
Taldearen lana diagnostiko goiztiarretan, diana farmakologikoetan eta medikuntza pertsonalizatuan zentratuko da. Minbiziaren tratamendu pertsonalizatuaren arloari laguntzea da helburuetako bat, animalia ereduekiko mendekotasuna murriztu eta ikerketa onkologikoaren eraginkortasuna hobetzeko.
Era berean, kode irekiko plataforma sortzea dute xede, «datuetarako eta eredu digitaletarako sarbidea globala izan dadin».
EHUko iturriek nabarmendu dute lantaldeak ikuspegi berritzailea proposatzen duela minbiziaren baheketa eta pronostikoa egiteko: «Horretarako biki digitaletan (DT) oinarritutako tumore nitxoak erabiltzen ditu», animalien erabilera saihestuz. «3D bioinprimatzearen bidez sortzen dituzte nitxo horiek».
‘DTRIP4H’ (Decentralized Health Digital Twin Ecosystem Consisting of Research Infrastructures) izeneko proiektuan ari da lanean Arabako Campuseko ikertaldea, terapia farmazeutiko aurreratuen Joint Research Lab-en bidez. Proiektua urtarrilean jarri da martxan eta 11,9 milioiko zuzkidura du.
Europako 14 herrialdetako 23 onuradun eta hiru erakunde afiliatu biltzen ditu partzuergoak. Zehaztu dutenez, unibertsitateak, enpresa handiak, ospitaleak, ETEak eta Puntako ikerketa azpiegiturak daude egitasmoko parte hartzaileen artean.

Beñat Olea, euskararen inguruko bideo batetik etorri zaio arrakasta Instagramen

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria
«Woke» lubakiaren sakona erakutsi du Jane Fondak
