GAUR8

65 urte bete ditu gaur Aingeru Epaltza idazleak

Aingeru Epaltza idazle, kazetari eta itzultzaile nafarra 65 urte bete ditu gaur, otsailaren 8an. Kazetaritzan aritu ondoren, itzultzaile lana ere egin du eta hainbat eleberri eta saiakera idatzi ditu.

Aingeru Epaltza, 2013ko artxibo argazki batean.
Aingeru Epaltza, 2013ko artxibo argazki batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda idazlea, kazetaria eta itzultzailea Iruñean jaio zen 1960ko otsailaren 8an, gaur 65 urte. Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta kazetaritza ikasi eta lanbide horretan aritu zen, administrazioko itzultzaile hasi zen arte. Horrez gain, baina, literaturari eman dizkio bere onenak, bai nobelak sortuz, bai ipuin-bildumak, baita saiakerak eta haurrentzako kontakizunak ere.

‘Deia’n, Euskal Telebistan eta ‘Navarra Hoy’-en aritu ondoren, Nafarroako Gobernuko itzultzaile lana ere egin du. Hala ere, kazetaritzari loturik segitu du; ‘Argia’ko, ‘Diario de Noticias’eko eta Euskalerria Irratiko ohiko kolaboratzailea da.

1997. urtean Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari bihurtu zen. Honez gainera, Nafarroako Euskararen Kontseiluko kidea izan zen; 2001ean bere kargua utzi zuen Nafarroako Gobernuaren euskara politikarekin bat ez zetorrelako. Euskaltzain urgazlea da 2006az geroztik.

Narratiba da bere sormenaren ardatza. Hala ere, antzerkigintza ere jorratu izan du: 1984ean ‘Mugetan Irri’ lana idatzi zion Ortzadar taldeari, esaterako. Horrez landa, saiakera ere landu du. 1985ean, Iruñeko Udalaren Egile Berriendako literatur lehiaketa irabazi zuen ‘Sasiak ere begiak baditik’ karlisten garaian girotutako nobelari esker. Geroago, Xalbador Saria irabazi zuen ‘Ur uherrak’ nobelarekin, eta 1997an Euskadi Saria ‘Tigre ehizan’ nobela laburrarekin. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria ere irabazi zuen 1990an.