Martxoaren 8ari keinua egingo dio GAUR8k biharko alean

Gure asteroko konpromisoa den arren emakumeei protagonismoa eskaintzea, bihar martxoaren 8a dela baliatuz saiakera berezia egin dugu gure elkarrizketa eta erreportajeetako protagonista guztiak emakumeak izan daitezen. Eta tartean perla txiki bat ere bai: 1885eko martxoaren 8an Lazkaon jokatu zen pilota partida gogoangarria.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

Egutegiak hala nahi izan duenez, GAUR8ren 918. zenbakia bihar argitaratuko da martxoaren 8arekin bat eginez. Eta data berezi horrek urte osoan gure irizpidea izaten dena, emakumeei hitza eta hotsa ematen saiatzearena alegia, biderkatzera eraman gaitu.

Atzerriko gaien artean Delmy Cortez eta Morena Herrera abortu eskubidearen aldeko ekintzaileak elkarrizketatu ditugu; Tolosako Jabetze Eskolako Argazkigintza Taldeak zaintza lanetan dabiltzan emakume migranteen testigantzekin osatutako erreportaje grafikoa eskaini digu; edota Lore Lujanbio filosofoari egindako elkarrizketa ere irakur daiteke biharko alean.

Eta horiekin batera, 1885ko martxoaren 8an, duela 140 urte, zer esana eman zuen pilota partida baten istorioa ere badakarkigu. Martxoaren 8ak gaur egun duen esanahia hartu aurretik, pilotaren historiako partida garrantzitsuenetako bat jokatu zen Lazkaon. Plazako pilotalekuan bildutako jendetzaren aurrean, Josefa Ignacia Albisu Aranburu izeneko emakume batek gizonezko baten aurka neurtu zituen indarrak esku huska. Garaiko kazetarien harridurarako, Albisuk aise menderatu zuen bere aurkaria, eta lorpenak hautsak harrotu zituen hurrengo egun eta asteetan. Plazara jendaurrean jokatzera irten zen lehen esku pilotaritzat hartzen da Albisu, “Joxpinaxi” ezizenez ezaguna.