Kontserba-fabriketako emakumeak omentzen dituen erakusketa, ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusietan
Apirilaren 25era arte Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan ikusgai dago kontserba-fabriketako emakumeen omenezko erakusketa bat. ‘Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskemak kentzen’ izenburupean, XVI. mendetik portuetako lonjetan arraina eraldatzen aritzen ziren emakumeen lanbidea gogoratzen du.

Apirilaren 25era arte, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbon duten erakusketa aretoan kontserba-fabriketako emakumeen lanbideari buruzko erakusketa bat egongo da ikusgai. Bertan, argazkiak, dokumentuak, koadro baten erreprodukzioa, testigantzak biltzen dituen bideo bat eta erabiltzen zituzten hainbat tresna biltzen dira.
Martxoaren 8aren harira antolatutako erakusketa, «iraganean lurraldearen aurrerabidean lagundu zuten emakumeei bozgorailu bat» eskaintzeko apustuaren barruan kokatzen dela azaldu du erakunde antolatzaileak.
Izan ere, kontserbagileen ofizioaren omenez liburua ere argitaratu dute, «XVI. mendetik lurraldeko portuetako lonjetan arraina eraldatzen jardun duten emakumeak» oroitzeko.

Garapenearen «funtsezko pieza»
«Emakume horiek, euren indar, kemen eta ausardiarekin, mendeetan zehar, jakin barik, Bizkaiko garapen ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziren, euren lana gizartearentzat luzaroan ikusiezina izan arren, emakumeek zeregin erabakigarria izan zuten beste lanbide batzuetan gertatu zan lez», adierazi dute Batzar Nagusietatik.
«Ahanzturatik berreskuratu nahi da belaunaldi askotako emakumeen artean ere errealitate izan zen ofizio hori», gaineratu dute.
Dokumentazioan oinarrituta, bereziki, eta Amaia Apraiz Sahagunek eta Maria Romano Vallejok egindako azterlanean (horretan oinarritzen da lagina), XVI. mendetik hona emakume kontserbagileak egon zirela ezagutzen da. Hala ere, «lan hobekuntzei eta garapen teknologikoari esker, lanak ez du beste garai batzuetakoarekin batere antzik», zehaztu dute.
Bizkaiko Ganberak argazkiak, dokumentuak, litografiak, koadro baten erreprodukzioa, testigantzak biltzen dituen bideo bat eta hainbat tresna (lan-tresnak, sareak edo arropa) bildu ditu erakusketan.
Egileek hainbat erakunde publiko eta pribaturen laguntza izan dute lana osatzeko: Campos, Zallo, Arroyabe, Ortiz, Serrats eta Olasagasti kontserbagileak, Arte Ederren Museoa, Euskal Museoa, Arrantzaleen Museoa, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Santurtziko Kaia Elkartea, Garavilla familia, Jon Fernandez Garcia de Iturrospe eta Iñaki Markaidaren familia.
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik

Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta
