Duela mende bat hil zen Sun Yat-sen Txinako iraultzailea
Mendea igaro da Sun Yat-sen Txinako iraultzailea hil zenetik. 1925eko martxoaren 12an hil zen, minbiziak jota, Pekinen. Txinako Errepublikako lehen presidentea eta Kuomintangen sortzailea izan zen, eta Txina modernoaren aitatzat hartzen da.

Sun Yat-Sen iraultzaile txinatarra gaurko egunez hil zen, duela 100 urte. 1866ko azaroaren 12an jaio zen Guangdong probintziako Zhongshan hirian eta 58 urte zituela hil zen Pekinen, 1925eko martxoaren 12an. Medikua, politikaria, militarra, estatu-politikaria, filosofoa eta ideologo txinatarra izan zen. Txinako Errepublikako lehen presidentea eta Kuomintangen sortzailea, Txina modernoaren aitatzat hartzen da.
1905ean, Tongmenghui Elkartea sortu zuen, Mantxuen monarkiarekin amaitzea eta Txinan eredu politiko errepublikanoa ezartzea xede zuen erakunde iraultzailea. Matxinada batzuk sustatu zituzten, baina porrot egin zuten eta 1900eko hamarkadaren bukaeran krisi sakona izan zuten. Hori dela eta, hainbat lurraldetatik kanporatu zuten Sun Yat-Sen, baina ez zuen bere jarduna eten.
Txinako Errepublikako behin-behineko lehen presidentea izan zen 1912an eta ostean herrialdearen buru bilakatu zen Yuan Shikairen gobernuan trenbideen arduradun izan zen. Ostean, oposiziora igaro zen, urtebete geroago Yuan gobernutik kentzen saiatzeko, arrakastarik izan ez bazuen ere.
Kantonen, nazioarteko aitortzarik izatera iritsi ez ziren bi gobernu errebelderen buru izan zen, lehena 1917an sortu zuen eta bigarrena 1920ean. Hala ere, Kantonetik ere kanporatu zuten, 1922an espedizio batean porrot egin eta gero.
Arrakasta militar handirik lortu ez zuenez, mendebaldeko nazioen laguntza eskatu zuen, alferrik ordea. Sobietarrek, aldiz, laguntza eskaini zioten 1923an, eta Txinako komunisten lankidetza ere onartu zuen. 1923an, Txinako iparraldeko jauntxoak garaitu zituen sobietarren laguntzaz.
1925ean Pekinera sartzea lortu zuen, baina handik gutxira hil zen, minbiziak jota, martxoaren 12an.
Lanak eta lanak «Uko Handia»-ren garaiotan

AEBek 300 bat ikasleri bisa kendu die Palestinaren alde mobilizatzeagatik

«Gurea ahalduntze mugimendua da. Sistema hau irakasleekin eraiki behar da, eta ez irakasleen aurka»
