GAUR8
Gaur X urte

Duela bi urte joan zitzaigun Kontxita Martinez de Lezea maistra

Gaurko egunez hil zen, 2023an, Kontxita Martinez de Lezea maistra. Nafarroako ikastolen bultzatzaileetako bat izan zen eta San Femin eta Jaso ikastoletako sortzaileetako bat.

Jaso Ikastolako sortzaileetako bat izan zen Martinez de Lezea.
Jaso Ikastolako sortzaileetako bat izan zen Martinez de Lezea. (Nafarroako Ikastolen Elkartea)

Bi urte dira gaur Kontxita Martinez de Lezea maistra hil zenetik. Nafarroako ikastolen bultzatzailea eta San Fermin eta Jaso ikastoletako irakaslea izan zen.

Jaiotzez tolosarra bazen ere, Iruñean bizi izan zen urte luzez. Tolosako Udaberri Dantza Taldeko lehen belaunaldiko kide izan zen, baita Nafarroako Ikastolen mugimenduaren bultzatzailea ere.

Jaso ikastolako sortzailetariko bat ere izan zen, eta askorentzat, euren ibilbide profesionaletan ezinbesteko pertsona izan zen. Aurretik San Fermin ikastolan irakasle ibilitakoa zen eta Jason zuzendaria ere izan zen. Martinez de Lezeak militantzia, konpromisoa, auzolana, euskalgintza eta herrigintza zer ziren bere ereduarekin irakatsi zien ingurukoei.

Ikastolak hemen eta han irekitzeko prozesuan, kilometro ugari egin zituen Nafarroan gora eta behera Jesus Atxarekin batera, mahaiak eta aulkiak alde batetik bestera eramateko. Buruhauste ugari izan zituzten ibilbidean zehar, baita hainbat garaipen ere eskuratu zituzten.

Ikastoletako festak antolatzen parte hartu zuen, bertan izan ohi den giro ona sortzeko lan ugari eginda. Horrez gain, danborradan parte hartzera bultzatu zituen ingurukoak, Inauterietan, Santa Ageda bezperan; ostegun gizenean.

2023ko martxoaren 14an hil zen, 74 urterekin. Hilabete batzuk beranduago, ekainean, aurreskua dantzatuta omenaldia egin zioten San Fermin eta Jaso ikastolek, jaien sorreran egindako ekarpen esanguratsuaren oroigarri.