Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

San Patrizio egunaren ospakizunak, Irlandar harrotasuna ospatzeko

Paganismoarekin amaitzeko asmoz joan zen Patrizio Deuna Irlandara, bertan bahitu zutenean eta ihes egitea lortu ostean. Kristautasuna ezarri zuen bertan, baina ez zuen bertako kulturarekin amaitzea lortu. San Patrizio festa Irlandar kulturaren bozgorailu bat da.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

San Patrizio, Irlandaren eguna, ospatu zen atzo, martxoaren 17an. Irlandako zein munduko beste txoko askotan festak antolatzen badira ere, Dublineko desfilea bereziki ezaguna da. Atzo, 500.000 pertsona inguru bildu ziren bertan, antolatzaileen arabera.

Desfilean zazpi ikuskizun handi, sei pieza berezi eta Irlanda osotik, Ipar Amerikatik eta Austriatik etorritako hamabi musika banda atera ziren. Guztira 4.000 parte hartzaile.

Jatorri kristaua duen festa den arren, egun inauteri handi bat izango balitz  bezala ospatzen da, eta Irlandako zelaien kolore berdea da nagusi. Leprechaunen bizarrak, shamrock-ak, urrezko txanponen eltzeak eta garagardoa, horiek dira Saint Patrick-eko elementu bereizgarriak.

Aste honetan zehar, mundu osoan antolatuko dira desfileak, Irlandako komunitateen eskutik, euren jatorria gogorarazteko. New York eta Bostonek desfile handiak egin zituzten atzo, Dublinekoaren antzerakoak. Melbournen, Australian, une berezia bizi izan zen, The Quiet Man Irish Pub tabernaren azken eguna izan zelako, eta ospakizunen baitan gogoan izan zuten lokal hau. Bertan, 25 urtetan zehar, Irlandako kultura eta musika sustatzearen alde lana egin dute.

Festaren jatorria

Patrizio deuna egun Ingalaterra denean bahitu zuten, eta Irlandara eraman zuten 16 urte zituela. Ihes egitea lortu zuen eta heldutan misiolari bezala itzuli zen preso izan zuen herrialdera, jendea kristautasunera bihurtzeko eta paganismoa ezabatzeko asmoz. Horregatik egin zuten santu. 461 urteko martxoaren 17an hil zen, eta horregatik ospatzen da egun horretan San Patrizio eguna.

Hala, kristautasunarekin harremana duen ospakizuna den arren, kultura eta identitate irlandarra goraipatzeko egun bezala hartu izan da urte askotan zehar. XIX. mendean Estatu Batuetan bizi ziren irlandarrak desfileak antolatzen hasi ziren euren kulturagatik zuten harrotasuna erakusteko asmoz, eta pixkanaka mundu osora zabaldu zen ohitura.

Egiten diren erritualen artean bitxia da "drowning the shamrock", edo "hirusta itotzea". Trebol bat edalontzi batean jartzen dute eta whiskiarekin edo garagardoarekin topa egiten dute Irlandarengatik. Honek kristautasun kutsuari uko egitearekin du harremana, Patrizio Deunak Irlandan hain zabalduta dauden hirustetako bat erabili baitzuen hirutasun guztiz santuari buruz mintzatzeko. Diotenez, erritual honek zorte ona ematen du.